}

Pangolinak, katuak, eta uhartearen paradoxa

2020/04/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

pangolinak-katuak-eta-uhartearen-paradoxa
Arg. Teknopolis

Miren Bego Urrutia Barandikak (EHUko Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzako arduraduna) uharte batekin alderatzen du jakintza: zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago zabaltzen da ez dakigunaren eremua; zenbat eta handiagoa uhartearen azalera, orduan eta handiagoa perimetroa.

COVID-19arekin gauza bera gertatzen da: gaitza eragiten duen birusa guztiz ezezaguna izatetik, mundu osoan lehentasunezko ikergaia izatera igaro da. Inoiz baino azkarrago lortu dira erantzunak, baina galderak gero eta gehiago dira. Azkarregi erantzun nahi izateak, ordea, lurrikara eragin dezake uhartean, eta bertan eraikitakoa arriskuan jarri.

Horren adibidea birusaren jatorria argitzeko ikerketa da. Azterketa genetikoek oso azkar deskodetu zuten birusaren genoma; azkar frogatu zuten jatorriz saguzarretatik zetorrela; azkar esan zuten saguzarren eta gizakien tarteko animalia sugea izan zitekeela.

Tarteko animalia hori ezagutzea oso garrantzitsua da, gaitza haren bitartez iritsi baita gizakietara; ez saguzarretatik. Mende honetan koronabirusek sortutako beste bi izurrietan, SARS eta MERS, zibetak (Asiako felino basati bat) eta dromedarioak izan ziren bitartekoak.

Kontuan izan behar da Txinan eta munduko leku askotan ohikoa dela animalia basatiak saltzea janari-merkatuetan. Eta Wuhango itsaskien merkatua jo zuten hasieratik gaitzaren sorburutzat; han sugeak ere saltzen dituztenez, litekeena zen haiek kutsatzea birusa gizakiei.

Ikertzaile batzuek, ordea, berehala adierazi zituzten zalantzak; bitartekoa ugaztun batek izan behar zuelakoan zeuden. Eta zuzen zeudela dirudi: gerora egin diren ikerketek sugeak baztertu eta pangolinak jarri dituzte jomugan. Pangolinak Afrika eta Asia tropikalean bizi dira, gorputza ezkataz estalita dute, mutur eta isats luzeak, eta babestuta daude. Tamalez, ez da arraroa babestutako espezieak saltzea halako merkatuetan. Bazirudien, hortaz, ikerketek bide zuzena hartu zutela.

Alabaina, orain, ezeztatu egin dute Wuhango merkatu hori izan zenik izurritearen sorlekua. Eta pangolinen parte-hartzea ere ez dago guztiz garbi. Alegia: ondorioak azkarregi plazaratzeak ez dakar inolako onurarik; alderantziz.

Gugandik gertuago, beste espezie batek eragin ditu kezka eta nahasmendua: katuak. Hain zuzen, etxeko animaliak COVID-19az gaixotzen ote ziren jakiteko ikerketa bat egin zuten Txinan, eta ikusi dute katuak kutsatzen direla COVID-19a eragiten duen birusarekin; ez, ordea, txakurrak, txerriak, oilaskoak eta ahateak.

Ikertzaileek ohartarazi dute hortik ezin dela ondorioztatu katuak infekzioaren garraiatzaile direnik. Nonbait, esperimentuan, birus-kantitate oso handia jarri zieten sudur-zuloetan. Beste espezieetan ez, baina katuetan birusa ugaldu zen. Dena den, ez zien sintomarik eragin, eta ez dirudi gizakiak kutsatzeko gai izango direnik.

Nolanahi ere, ikerketa komunikabideetara iritsi bezain azkar, kezka zabaldu da katu-jabe askoren artean. Oraingoan ere azkarregi plazaratu dela dirudi. Baina, bestalde, komeni da adi egotea, pertsonen eta katuen arteko transmisioa egonez gero lehenbailehen hautemateko. Hortaz, ez da erraza zuhurtziaren eta urgentziaren arteko orekari eustea. Oraingoz, ozeano zabalean galdutako uharte txiki bat baino ez da COVID-19az dakiguna.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia