}

Panda handiaren genomak agerian utzi du haren berezko "karniborotasuna"

2009/12/15 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Panda handiaren genoma sekuentziatu dute Beijingo Genomika Institutuko ikertzaileek, eta ikusi dute haragia digeritzeko gene guztiak dituela; ez, ordea, oinarrizko elikagaia duena, banbua, digeritzeko beharrezko guztiak. izan ere, ez dute zelulasa entzimaren generik aurkitu. Horregatik zelulosa digeritzeko beharrezkoak ditu hesteetako bakterioak.

Horrez gain, ikusi dute T1R1 genea, haragi-zaporea hartzeko errezeptoreen genea, mutatuta daukatela. Horrek azal lezake panda karniboroa izan arren belarjalea izatea.

Nature aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera, panda handiak 21.000 gene ditu, gutxi gorabehera. Orain arte sekuentziatu dituzten ugaztunen artean txakurrarekin du antzekotasunik handiena (% 80). Gizakiarekin, berriz, % 68an besterik ez du antza. Hala ere, pandaren genetikak aldaketa gutxiago izan ditu txakurrarenak eta gizakiarenak baino; izan ere, motelago eboluzionatu du.

Halaber, ikusi dute dibertsitate genetiko handia duela; gizakiarena baino bi aldiz handiagoa, hain zuzen. Beraz, bizirik irauteko aukerak ditu, populazioa txikia den arren.

Irudia: Zhihe Zhang

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia