Ozono-geruzaren nazioarteko eguna
2001/09/14 Elhuyar Zientzia
Irudiko argazkia irailaren 16an ospatuko den 6. Ozono Geruzaren Babeserako Nazioarteko Egunaren afixa da. Egun hori, Nazio Batuek sortu zuten iritzi publikoa arazo horretaz jabetzeko helburuarekin.
Ozonoa hiru oxigeno-atomok osatutako molekula da. Estratosferan edo troposferan ager daiteke, eta altueraren arabera propietate desberdinak dituenez, ingurugiroan era batean edo bestean eragiten du. Estratosferan dagoen ozono-geruzak Eguzkiaren izpi- ultramoreetatik babesten gaitu. Izpi ultramoreen fotoi bakoitzak ozono-molekula disoziatzeko adina energia du, eta fotodisoziazio bakoitzean fotoi bat desagertzen da. Horrela, ozonoak babesa eskaintzen digu. Atmosferako beste gasek ez dute luzera horretako uhinak deuseztatzeko gaitasunik. Troposferako ozonoa, berriz, arnasteko arriskutsua da eta berotegi-efektuan parte hartzen duen poluitzailea da.
Argi eduki behar da, beraz, ozonoa beharrezkoa dela Eguzkiaren izpi ultramoreetatik babesteko, baina kaltegarria dela troposferan agertzen denean.
Baina irailaren 16 estratosferako ozono-geruzaren suntsitzeaz kontzientziatzeko eguna da, eta hel diezaiogun, zuzenean, arazo horri.
1985ean ozono-geruzaren babeserako Vienako hitzarmena sinatu zenetik ozono geruzaren suntsitzaile nagusiak diren CFC (klorofluorokarburoak) ezagunak gutxitzea lortu da, besteak beste, ozono-geruzan kalte txikiagoa egiten duten HCFCekin (hidroklorofluorokarburoak) ordezkatu direlako.
Alta, ozono-geruzaren deuseztapenak aurrera jarraitzen du. Izan ere, jadanik aireratutako kantitateen eragina epe luzera sumatzen da, eta ondorioz, estratosferako kloro- eta bromo-kontzentrazioak gero eta handiagoak dira. Gainera, nazioarteko hitzarmenek ez dute ozono-geruza deuseztatzen duten konposatuak (HCFC eta metil bromuroa) ekoizteko debekurik jarri. Ikerketa zientifikoek argi eta garbi erakusten dute debeku horiek atzeratzearekin ozono-geruzaren arazoa konpontzeko epea luzatu bakarrik egiten dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia