}

Otzi uste baino zaharragoa

1997/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Uste baino zaharxeagoa ei da izotzetako gizona, Alpeetan aurkitu zuten Otzi. Ikertzaileek baieztatu dutenez, ia 50 urte zituen zendu zenean eta, gainera, artritisak jota bizi zela argitu digute.

Lo zegoela hil omen zen Alpetan aurkitutako Otzi, betiereko izotzetik etorritako gizona. Sorginkeria badirudi ere, duela 5.000 urte bizi izan zen gizon honi buruzko datu zehatzak eskuratzen ari gara eta jada esan daiteke auzokoei buruz baino askoz gehiago dakigula Otziri buruz. Eta, itxura guztien arabera, ez da zientzialari kuxkuxeroek argituko ez duten misteriorik geratuko.

Stockholmeko Unibertsitateko ikertzaileek berriki esan digutenez, hasieran zabaldu zen baino zaharxeagoa omen da Otzi. Gogoratuko duzuenez, 25 urteko gaztetxoa zela zabaldu zen Alpeetan aurkitu zutenean; orain, berriz, 40-50 urte bitarteko gizon heldua zela baieztatu dute ikertzaileek.

Ondorio biribil horretara iristeko, besteak beste, hezurrak eta odol-basoak aztertu dituzte xehe-xehe eta horien garapen-egoerari erreparatu. Ikertzaileek diotenez, ia 50 urte zituen Otzik heriok aurkitu zuenean. Jakin ere badakigu bazkalostean zendu zela, liseriketa erabat amaitu gabe zegoela, alegia.

Adinaz gain, Otziren osasun egoeraz ere gehiago dakigu. Stockholmeko ikertzaileek argitu dutenez, artritisak jota bizi omen zen gure izotzetako gizona eta giltzaduretako egoera ikusirik, gaixotasuna nahikoa aurreraturik zegoen. Genion bezala, ez da, 5.000 urte igaro ostean, batere sekreturik geratuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia