}

OMEk bertan behera utzi du COVID-19aren osasun publikoko nazioarteko larrialdi-egoera

2023/05/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

omek-bertan-behera-utzi-du-covid-19aren-osasun-pub

Ezarri zenetik hiru urte eta hiru hilabete igaro ondoren, Osasunaren Mundu Erakundearen larrialdi-komiteak bertan behera uztea erabaki du, eta hala berretsi du OMEren buruak, Tedros Adhanomek, adierazpen baten bidez. Haren esanean, COVID-19aren inpaktua ez da jada hasierakoa, txertoek eta infekzioek sortutako immunitateari esker. Horrenbestez, osasun publikoko nazioarteko larrialdi-egoera (PHEIC) bukatutzat eman daiteke.

Hain zuzen, hauek dira larrialdi-egoera ezartzeko irizipide nagusiak: patogenoaren agerpena bat-batekoa eta ezustekoa izatea; nazioartean hedatzeko arriskua; objektuen edo pertsonen mugikortasuna galaraztera iristea. Duela hiru urte pasatso, irizpide horiek guztiz bete zituen SARS-CoV-2ak; hortaz, OMEk larrialdia ezarri zuen. Horren bidez, nazioarteak erantzun bateratua eman behar zion egoerari, kasuak jakinaraztean, neurriak ezartzean, ikerketan, txertaketan...

Berez, ez da horrela gertatu, eta txertaketa da, behar bada, adibiderik argiena: leku askotan bigarren oroitzapen-dosia eskuragarri dagoen artean, beste toki batzuetan populazio zaurgarria oraindik txertatu gabe dago. Hori dela eta, OMEk gogorarazi du larrialdia bertan behera uzteak ez duela esan nahi txertaketa eta ahaleginak etengo direnik. 

Are gehiago, hau adierazi du OMEren buruak, hitzez hitz. “Herrialde batek egin dezakeen gauzarik txarrena da albiste hori aitzakia gisa erabiltzea zaintza ahazteko, bere osasun-sistema eraisteko, edo herritarrei iradokitzeko COVID19-a ez dela kezkatzekoa”. Eta datu bat eman du: joan den astean, munduan, hiru minutuz behin, pertsona bat hil zen COVID-19ak jota.

Horrez gain, ohartarazi du oraindik ager daiteke birusaren aldaera gaiztoren bat; zaurgarriek arriskuan jarraitzen dutela, eta milioika personak pairatzen dutela COVID iraunkorra. Beraz, eta, SARS-CoV-2a ez denez desagertuko, ezinbestekoa da epe luzerako estrategiak ezartzea, maila globalean zein komunitateetan. Horretarako, 2023-205erako Prestakuntza, erantzuna eta erresilientzia estrategia landu du OMEK (HEPR).

Bukatzeko, gomendio hauek eman dizkie OMEk herrialde partaideei: hurrengo larrialdeei erantzuteko gaitasuna indartzea eta prest egotea; COVID-19aren txertoak txertaketa-programetan sartzea; COVID-19ari buruzko informazioa beste arnas gaixotasunenekin batera ematea; baliabide medikoak bermatzeko baimenak eta araudiak egokitzea (terapiak, prozedura klinikoak, diagnostikoak…); arriskuei buruzko komunikazioa eta kudeaketa lantzen jarraitzea komunitateekin; COVID-19ari lotutako osasun-neurriak arintzen joatea nazioarteko bidaietan; ikerketa bultzatzen jarraitzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia