}

Olagarro askoren arbasoa, eta abar

2008/11/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Badirudi itsas hondoko hainbat olagarro-espezie arbaso bakar batetik bereizi zirela orain dela 30 milioi urte inguru. Arbaso haren ahaide hurbilena, Megaleledone setebos olagarroa, oraindik bizirik dago Ozeano Antartikoan, eta espezie horretako ale batzuk aurkitu dituzte mundu mailan egiten ari diren itsasoko bizidunen erroldan (COML delakoan).

Erroldan parte hartzen ari diren zientzialariak saiatu dira azaltzen nola hedatu zen mundu osoko ozeanoetara gaur egungo olagarroen arbasoa. Dirudienez, orain dela 30 milioi urte Antartika hoztu, eta izotz-geruza handitu zen. Horrelako zerbait gertatzen denean, ur gezak izotzezko geruza eratzen du, eta azpian uzten du gatz- eta oxigeno-kontzentrazio handiko ura. Gatz gehiago duenez, ur hori hondoratu egiten da dentsoagoa delako.

Jakina, urarekin batera, han bizi ziren olagarroak hondoratu egin ziren, eta itsas hondoko itsaslasterrek mundu osoko itsas hondoko uretara hedarazi zituzten olagarrook. Bizileku berrietan isolatzean, gaur egungo espezieak sortzeraino eboluzionatu zuten.

Hori eta beste hamaika aurkikuntza egin dituzte aipatutako erroldan. 2000. urtean hasi ziren mundu osoko itsasoak ikertzen 82 herrialdetako 2.000 zientzialari. Errolda 2010ean bukatzeko asmoa dute, baina orain arteko lanaren berri emango dute gaur hasi eta hilaren 15a arte Valentzian egingo duten Itsasoko Biodibertsitateari buruzko munduko biltzarrean.

Irudia: M. Rauschert/COML

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia