}

OHE bat izan zitekeen...

2009/10/27 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Sakatu irudian bideoa ikusteko (Mallorkako Astronomia Behatokia-OAM)

Igandea. Hilaren 25a. Gaueko bederatziak. Batek baino gehiagok ikusiko zuen argi bizi batek zerua gurutzatu zuela, halako batean puntu argitsu bat atera zela argi handi hartatik, hura baino azkarrago mugitu zela, eta, azkenean, biak desagertu zirela horizontean.

"Objektu hegalari ezezagun bat ote zen?" galdera pasatuko zitzaion burutik bati baino gehiagori. Alabaina, fenomeno hark ez zuen berretsi OHE direlakoen presentzia. Mallorcako Astronomia Behatokiko kamerek grabatu egin zituzten irudiak, eta azalpen askoz mundutarragoa eman diote.

Azaldu dutenez, fenomenoa behatu baino hiru ordu lehenago Kalifornian jaurti zuten Atlas V-401 suziriarekin lotuta zegoen. Suziri hark meteorologia-satelite bat jarri behar zuen orbitan Estatu Batuetako Indar Armatuentzat.

Bada, Lurraren inguruan bigarren orbita egin zuenean, satelitea suziritik banatu zen, bere behin betiko orbita hartzeko, eta suziria “espazioko zabor” deritzon orbitarantz joan zen. Maniobra hartan, gainera, askatu egin ziren suziriari gelditzen zitzaizkion gasak eta erregaiak, atmosferan erre zitezen.

Eta horixe ikusi genuen guk: argi bizi handia erretzen ari ziren gasek eta erregaiek eratu zuten, eta argi handitik atera zen puntu argitsua, meteorologia-sateliteak.

Irudia: Mallorkako Astronomia Behatokia (OAM)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia