Datuak harritu dit. Interneteko trafikoaren % 99 urpeko kableetatik gertatzen da. Hasieran, pentsatu dut ez dela posible zenbakia hain handia izan, baina hori horrela izateko arrazoi bat badago: merkeagoa da seinalea itsas hondotik bidaltzea lurretik baino, nahiz eta itsas hondoan sartzen ditugun kableak teknologikoki oso konplexuak izan. Beraz, pentsa, Bilbotik Donostiara bidalitako email bat, agian, itsasoz joango da.
Itsaspeko kableak zuntz optikoa dira. Baina babes pila batekin, eta bidean anplifikazio gailuak tartekatuta. Zailtasun teknologikoa ez da materiala bakarrik. Itsas hondoko mapa ondo ezagutu behar da, eta oso garestiak dira instalazioa eta mantenua. Hala eta guztiz ere, internet lehorretik mugiaraztea baino merkeagoa da seinalea itsasoz bidaltzea.
Atlantikoa zeharkatzen duten kableetan modernoenetako bat, Marea kablea, Sopelako hondartzatik abiatzen da eta 6.600 kilometro egiten ditu Virginia Beach hiriraino. Submarinecablemap.com webgunean ikusten da kablez jositako azpiegitura konplexu baten haritxo bat besterik ez dela.
Baina galdera da: norenak dira itsaspeko kableak? Bertatik bidaiatzen du, ez lagun bati bidaltzen diozun mezuak bakarrik, baita zure soldataren diruak ere. Itsaspeko kableen menpekotasun oso handia daukagu, eta norbaitenak dira. Tradizionalki, telegrafo eta telefono konpainiena izan da, eta, kasu batzuetan, gobernu batzuena. AT&T estatubatuarra eta Txina Telecom dira kable gehien dituzten enpresak. Baina gaur egun kable horietan diru gehien Googlek, Metak, Amazonek, Microsoftek eta beste konpainia handi batzuek sartzen dute. Eta empresen kontsorzio handi batzuk daude tartean: Sopelatik abiatzen den kablea Facebook-ena, Microsoft-ena eta Telefónicako Telsiux operadorearena da.
Oso gai konplexua da. Aitortu behar da konektatuta egotea oso mesedegarria dela, baina alderdi gehiegi ditugu sartuta konexio horien sarean.
Azkenean, egoera bitxia da. Agian zu edo ni ez gaude jabetuta zenbateraino menpekotasuna dugun kable horiena, baina gizarte teknologikoa, bai, horretaz oso jabetuta dago. Eta jabetuta egonda ere, ia ezinezkoa da ezusteko baten aurrean babestuko gaituen ordezko funtzionamendu bat prest izatea.
Herrialde batzuk oso zaurgarri daude testuinguru horretan. Nabarmena da itsaspeko kableen mapan herri pobreenek dutela itsaspeko kableen konexio-kopuru txikiena. Hor ere, betikoek dute galtzekoa.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea