}

Non daude falta diren kometak?

2002/06/24 Elhuyar Zientzia

Argazkian ikusten den Halley kometak 76 urtez behin egiten digu bisita (gutxi gorabehera), baina beste asko behin pasa eta desagertu egiten dira. Gure ingurutik pasatzen diren kometa gehienak eguzki-sistemaren azken muturrean dagoen Oort-en hodeian sortzen dira. Batzuek oso periodo luzeak izaten dituzte eta oso noizbehinka baino ez dira Lurretik gertu pasatzen, baina beste batzuek, Halley kometak bezala, maizago bisitatzen gaituzte. Kontua da bisitariak teorian izan beharko genituzkeenak baino askoz gutxiago direla.

Kometen eboluzioa eta banaketa iragartzen duten ereduen arabera, periodo laburreko orbitak dituzten 100 bider kometa gehiago ikusi beharko lirateke Lurretik. Eta ez da hala gertatzen, antza, pare bat orbita egin eta suntsitu egiten direlako. Hori esan dute behintzat Estatu Batuetako ikertzaileek Science aldizkarian.

Beste teoria batek dio kometek isats argitsuak sortzeko gaitasuna galtzen dutela eta horregatik daudenak baino gutxiago ikusten ditugula. Baina Levison-en taldearen ustez, zati txiki ikusezinetan apurtzen dira.

Ordenagailu bidez egin dituzte simulazioak. Oort-en hodeian milaka kometa sortu eta haien eboluzioa kalkulatu dute, eta % 99 desegin egiten direla ondorioztatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia