}

Nola sortzen da Alzheimer gaitza?

2002/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Burmuineko materia zurian gertatzen diren aldaketak izan daitezke Alzheimer gaitzaren jatorria, orain arte eragilea burmuineko materia grisa zela uste bazen ere. Ondorioa Arizonako Alex Roher biokimikariak eman du jakitera. Zientzialariek bazekiten Alzheimerrak aldaketak eragiten dituela burmuineko materia zurian, baina materia grisean gertatutako aldaketen eraginez gertatzen zirela uste zuten. Roherrek dio prozesua kontrakoa izan daitekeela.

Burmuinean, ehun gris fin-fin batek oinarri zuria inguratzen du. Ehun grisa neurona-sistema bat da, burmuineko prozesatzailea. Neuronek burmuinetik bidaltzen dituzte mezuak nerbio-sistemara, axoiak erabilita. Axoiak seinaleak bizkorrago bidaltzeko gaitasuna duen mielina izeneko substantzia batez estalita egoten dira, hain zuzen ere materia zuriaren osagaiaz.

Ikerketa egiteko, Arizonako ikerketa-taldeak bi gaixo-talde aztertu zituen: autopsia bidez Alzheimer gaitzaren diagnosia egindakoak batetik; dementzia barik hildakoak bestetik. Ikerketek erakutsi dute Alzheimerra diagnostikatuen mielinak askoz ere proteina, lipido eta kolesterol gutxiago zuela; horregatik uste du Roherrek materia zuria dela Alzheimer gaitzaren eragilea. “Mielina-geruza ez bada behar bezala eratzen, baliteke axoiak ez izatea gauza burmuineko seinaleak nerbio-sistemara bidaltzeko”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia