}

New Horizons zundak Ultima Thuleren lehenengo argazkia bidali du

2019/01/02 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

NASAren New horizons zundak Ultima Thuleri egindako lehenengo argazkia bidali du. 2019ko lehehengo zientzia-albistea izan da, eta espero da zundak emango dituen argazki mamitsuen aurrerapen bat besterik ez izatea. Datozen orduotan espero dira gehiago.
new-horizons-zundak-ultima-thuleren-lehenengo-arga
Ezkerretan New Horizons zundak hartutako bi argazkiez moldatutako irudia, Ultima Thuleren tamaina eta formaren informazioa eman duena. Eskubitan, haren irudikapen artistiko bat. Arg. NASA/JHUAPL/SwRI

Kuiperreko gerrikoan dago Ultima Thule (2014 Mu69), beste milaka asteroide eta milioika kometen artean. Lurretik 6.400 milioi kilometrora dago; hortaz, zunda batek gertutik aztertutako unibertsoko gorputzik urrunena bihurtu da.

Lehenengo argazkiaren arabera, 35 km luze eta 15 km zabal da Ultima Thule. Oraindik ez dakite bi lobuluko gorputz bakarra ote den edo bi gorputz bereizi diren, baina zundak hartutako argazkiak ahalik eta azkarren analizatu eta galderari erantzun bat ematekotan geratu dira AEBetako Johns Hopkins Unibertsitateko astrofisikariak.

New Horizons zunda Ultima Thuleri gerturatu zitzaion unearen irudikapen artistikoa. Arg. NASA

Urtarrilaren 1ean pasa zitzaion gertu New Horizons zunda, segunduko 18 km-ko abiaduran, baina topaketa labur hartan irudi argigarriak hartzea zuen helburu. Izan ere, New Horizons misioak emaitza esanguratsuak eman zituen jada 2015an, Plutonetik gertu pasa eta haren atmosferako eta azaleko zehaztasun handiko irudiak bidali zituenean. Irudi haiei esker, esfera lauso bat izatetik glaziarrez, uraz eta konposatu organizkoz osatutako mundu argiago bat izatera pasa zen Pluton. Oraingo honetan, gainera, hiru aldiz erresoluzio hobeagoko irudiak bidaltzea espero da.

Ultima Thule ikertzeak eguzki-sistemaren sorrera argitzea du helburu, uste baita duela 4.000 milioi urte inguru sortzen hasi zeneko materialez osatua dagoela gorputza. Bestetik, argitu nahi du Kuiperreko gerrikoko gorputzek kometen ibilbidea desberdiratu eta eguzki-sistemaren nukleoruntz gerturatzea eragiten ote duten, posible baita horren ondorioz kometek Lurrarekin talka egin eta gure planetan bizitza sortzen inplikatuta egon izana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia