}

Neutrino iheslariak

1987/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Astronomiaren misteriorik handienetako bat (eguzki-neutrinoena) argitu asmoz egindako lana, utzi egin beharko dute laster astronomo iparramerikarrek dirurik ezak jota.

Eguzkiaren gunean gertatzen den aktibitatea ia ikustezina da astronomoentzat, gainazal distiratsuak barnea iluntzen duelako. Eguzkiaren muinak aztertzeko modu bakarra, eguzki-neutrinoak ikertzea da. Neutrinoak, eguzkiaren gunean sortzen diren partikula txiki eta ia masarik gabekoak dira. Eguzkiaren eremu magnetikotik ihes egiten dute eta espaziora barreiatzen dira.

1967az gero, Ray Davies-ek zuzendutako taldea piszina baten tamaina duen tanga batean talka egiten duten neutrinoak detektatzen ari da. Tanga fluido berezi batez betea dago Dakota-ko urre-meategi baten sakonean. Tangan talka egiteko ziren neutrino guztiek, ez dute honelakorik.

Neutrinoen arazoa, Lurrera iritsi baino lehen horiei zer gertatzen zaien jakitea edo detektoreak benetan horiek detektatzeko balio duen jakitea da. Eguzki-neutrinoei bi gauza gerta dakieke: Lurrera iritsi baino lehen haustea, edo beste zerbait bilakatzea. Antza denez, ameriketarrek ez dute erantzunik emango. Europa eta Sobietar Batasunean gogor ari dira arlo hau lantzen.

Sobietar zientzilariek, tunel bat zulatu dute Kaukaso Mendietan eta bertan galiozko pieza bat ipini dute (65 tona pisatzen ditu piezak). Neutrinoak detektatuko omen ditu. Erroma inguruko Gran Sasso tunelean lan beretsua egiten dihardute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia