}

Neurririk gabeko medikazioa

1996/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

HIESAk jotako gaixoengan substantzia desberdinez egindako “koktelak” zein ondorio izan ditzakeen ez dakigu.

Egunero 15 botika inguru hartzen dituzte; halabeharrez, gainera, HIESAren ondorioak leuntzearren. Birusak zigortutako organismo ahuletan zein ondorio izango dituen horrek ez dago gaur-gaurkoz jakiterik, baina Londresko ikertzaile-talde baten iritziz, guztiz kezkagarria da joera hori.

AZT eta gisa bereko medikazioez gain, aldian aldiko botikak edota depresiokontrakoak maiz erabili behar izaten dituzte gaixoek. Kasurik gehienetan, gainera, medikuak aginduta. Substantzia desberdinez egindako “koktelak” zein ondorio izan ditzakeen ez dakigu; izan ere, HIESAren kontrako sendabideak nahikoa berriak dira eta oraingoz ez dira guztiz ezagutzen epe ertainerako ondorioak.

Arazo horretaz kezkaturik agertu den Londresko ikertzaile-taldeak ez du konponbiderik eskaini, baina ohartzerako kaltea handiegia izan daitekeela esan du. Are gehiago, HIESaren ondorengo izurritea “droga-koktelak” sortutakoa izango dela esan dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia