}

Nekazarien ekoizpenak hobetzen laguntzeko sistema

2004/10/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Berote handiek, ekaitzek, izurriteek edo kontrola ezin ditzakegun naturako beste hainbat fenomenok eragin handia izaten dute nekazarien lanean eta ekoizpenetan. Eguzkia gutxi irteten den udetan tomate berde ugari eskaintzen digute dendetan; eta ekaitz bortitzak eginez gero mahats-uzta urria izan ohi da. Nolabait kontrola al daitezke gertakari horiek?
NEIKER

Naturako fenomeno asko ezin dira kontrolatu, baina aurrez ikus daitezke. Horretarako, Euskal Herriko nekazaritzako eta basogintzako abisu-behatoki (NBAB) bat sortu du NEIKERek (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), nekazariei eta basozainei beren ekoizpena hobetzen laguntzeko. Behatoki horrek hiru motatako informazioa eskaintzen du. Lehenik eta behin, gaixotasunak eta izurriteak kontrolatzeko berehalako gomendio-sistema bat eratu du.

Bigarrenik, nekazari eta basozainei lagunduko die ongarritze- eta ureztatze-programak egokitzen. Eta, azkenik, basoetako nahiz laborantzako ekosistementzako arriskutsuak diren fenomenoen berri emateko alerta-zerbitzua antolatu du. Goazen hobeto ezagutzera zerbitzu bakoitzaren ezaugarriak zein diren.

Berehalako gomendio-sistema

Nekazaritzako eta basogintzako abisu-behatokiak arreta handiz zaintzen ditu izurriteak eta ahalik eta azkarren jakinarazten du gaixotasunek eta izurriteek erasotzeko arrisku gehien noiz dagoen. Normalean, horiei aurre egiteko tratamendu kimikoak erabiltzen dira, baina ingurumena ahalik eta gutxien kaltetzen dutenak hautatzen dituzte Neikerko langileek.

Horrez gain, datu klimatikoak eta izurriteen gorabeherak aztertzen dituzte tranpa kromotropikoen, koloreen, edo feromona hormonen bidez. Zepo horiei esker, hainbat datu lortzen dira, eta horien arabera, ikertzaileek errazago jakiten dute tratamendu kimikoak zein unetan egin behar diren.

Landareen onddo-patogenoen egitura mikroskopikoak.
NEIKER

NEIKERek eskaintzen duen zerbitzuaren helburua nekazariei eta basozainei informazioa lehenbailehen helaraztea da. Horretarako, beren web orrian informazio hori kaleratzeaz gain, kooperatiba eta elkarteetako arduradunekin harremanetan egoten dira telefono eta fax bidez.

Bestalde, behatokiaren abisu-sistema hobetu nahian, erreminta berriak ezarri dituzte. Besteak beste, behatoki agrometeorologiko mugikorren sarea osatu dute. Sare horri esker, izurriteak hedatzeko garai arriskutsuenak zein izango diren zehaztea lortzen dute, bai datu klimatikoak eta bai agronomoak kontuan hartuta.

Ongarritzea eta ureztatzea

Euskal Herriko nekazaritzako eta basogintzako abisu-behatokiaren helburu nagusia gehigarri kutsakorrak murriztea eta baliabide naturalak ahalik eta egokien erabiltzea da.

Astero, NBABk erremolatxaren eta patataren ur-beharrei buruzko informazioa eskaintzen du. Gomendio horiek datu klimatikoetan eta agronomikoetan oinarrituta egiten dituzte. Eta eguraldiari buruzko datuak Euskal Meteorologia zerbitzuko behatoki meteorologikoetatik eta estrategikoki kokaturik dauden behatoki agrometeorologikoetatik jasotzen dituzte.

Uztak kaltetu ditzaketen intsektuak aztertzen dituzte NEIKERen.
NEIKER

Bestalde, nekazaritzako eta basogintzako laborantzek dituzten elikadura-beharren programazioa egoki egin ahal izateko informazioa eskaintzen du NBABk. Hain zuzen ere, lurzoruaren, hostoen eta beste substratu batzuen laginak hartzeko informazioa ematen zaie interesatuei. Horien bidez, laborantzek ongarritzeko zenbateko beharra duten zehazten dute, bakoitzaren egoera fenologikoa (loraketa, hostoketa, migrazioa...) kontuan izanda.

Laborantzetako osasun-arriskuen abisu-zerbitzua

NEIKERek, behatoki horri esker, Euskal Herriko laborantzari mehatxu egiten dion edozein arrisku berriri buruzko informazioa emango du. Besteak beste, hauek izan daitezke elementu arriskutsuak: pestizidekiko erresistentzia duten patogeno begetalak agertzea, mugakide diren landaguneetan izurrite edo gaixotasun berriak agertzea edo izurriteen eragina gehi lezaketen laborantza-teknika berriak erabiltzea.

Nekazaritzan eta basogintzan eragina duten datu horiek guztiak biltzeaz eta aztertzeaz Nekazal Ikerketa eta Garapenaren Euskal Erakundea arduratzen da. Bere web orriaren bidez eta komunikatzeko erabiltzen dituen beste hainbat baliabideri esker (telefonoa, faxa...), zabaltzen duen informazioa interesgarria da nekazari eta basozainentzat. Izan ere, maiz, gerta litezkeen arazoen berri emateaz gain, arazoei aurre egiteko aholkuak ere ematen dizkie Neikerek. Horren guztiaren helburu nagusia ekoizpena hobetzea eta kalteak murriztea da.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia