}

Necar 5, erregai-pilaz dabilen autoa

2001/01/11 Elhuyar Zientzia

Argazkiko autoa DaimlerChrysler etxearen erregai-pilaz dabilen Necar 5 autoa da.

Necar 5 autoa Mercedes-en A Klaseko auto komertzialean oinarrituta dago. Daimler etxeaz gain, Ford, Peugeot, Opel eta beste hainbat auto-ekoizle ere erregai-pilaz dabiltzan autoak garatzen ari dira. Auto elektrikoak dira, eta auto elektrikoen ezaugarriak dituzte. Necar 5-ak 150 km/h-ko abiadura har dezake eta 450 km-ko autonomia du.

Erregai-pilek, berez, bateriek bezala dihardute. Hidrogenoa eta oxigenoa erabiliz elektrizitatea sortzen dute. Erreakzioa elektrokimikoa da, hots, ez da errekuntza, eta bertan, energia kimikoa elektrizitate eta bero bihurtzen da. Sortzen den hondakin ia bakarra ur-lurruna da. Erregaia hidrogenoa da, baina hidrogeno purua lortzeko, metatzeko eta banatzeko zaila da eta, beraz, garestia.

Necar 5 autoak metanola erabiltzen du hidrogeno-iturri gisa. Horrela egiten denean, erabiltzen den hidrogenoa ez da purua izaten eta, beraz, erregai-zelulen eraginkortasuna jaitsi eta poluzio pixka bat sortzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia