}

Natura, gizakiaren organo-erreserba? Xenotransplanteen etikotasunaz

2000/11/01 Escajedo San Epifanio, Leire - Konstituzio Zuzenbideko IrakasleaEHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gibela, bihotza, giltzurrunak, azal zatiren bat... bizirik irauteko behar genukeen edozein organo zein ehun Naturatik har dezakegula diote Xenotransplanteak ikertu dituztenek. Animalia baten ADNa aldatzea nahikoa omen da errefusa ekiditeko. Egia baldin bada, giza organo-emaileen urritasuna gainditzeko ate bat zabaldu zaigu. Printzipio etiko onartuenen argira, ordea, ez dira teknika honen nondik norakoak hain baikor ikusten.

Immunosupresoreak hobetzea eta ingeniaritza genetikoa aurreratzeari esker, xenotransplanteak gizakiengan ikertzeko moduan daudela iragarri du zenbait zientzialarik.

Horrek eztabaida etikoa esnatu du. Xenotransplanteek orain arteko zenbait printzipio etikorekin egiten dute topo, baita galdera berriak sortu ere. Teknika hau onartzea gizartearentzat berebizikoa balitz, nagusi diren printzipio etikoetan zenbait aldaketa gauzatu beharko lirateke, historian zehar beste une askotan gertatu izan den bezala. Oztopo etikoak gaindiezinak balira, ordea, teknika hau debekatu egingo litzateke.

Etika berritzea edo dagoen moduan mantentzea egokiena den esatea ez da erraza. Etikoki plurala eta aldakorra den gizarte batean bizi gara eta horrek honelako eztabaidekin gehienen adostasuna bilatzera eramaten gaitu beti. Baina zailtasun horrez gain, xenotransplanteek erabakitzeko beste zenbait zailtasun aurkezten dituzte, handiena egindako ikerketa soziologikoetan haien aldeko eta haien aurkako iritziek duten indarra. Gure helburua dugu xenotransplanteek erasotzen dituzten printzipio etikorik garrantzitsuenak adieraztea, baita eztabaidaren nondik norakoak azaltzea ere.

Ondorioak hartzailearengan

Hamarkada bat baino gehiago behar izan zen gizakien arteko transplanteek (alotransplanteek) orduko etikaren planteamenduekiko suposatzen zuten arazoa konpontzeko. Gaixoaren eskubideak, hildakoari zor zaion begirunea, immunosupresoreak erabiltzea, nortasuna babestea eta bestelako arazo asko zeuden tartean. Momentu hartan gizartean nagusi ziren printzipio etiko asko garai berrietara birmoldatzea erabaki zen.

Baina alotransplanteentzat eratu zen molde berri horretan ere ez daude xenotransplanteak eroso. Alotransplanteekin konparatuz, hartzailearengan suerta daitezken ondorio immunologikoak latzagoak dira. Beste espezie baten organoek errefus latza eragin dezakete gorputzean eta txertatutako organoa deuseztatu edo bestelako gaitzak erakarri. Horrez gain, ez dakigu oraindik animalia baten organoak fisiologikoki pertsona baten gorputzaren beharrak era egokian eta denbora tarte luzean bete ditzaken edo ez.

Kontua zera da: alderdi horien berri zehatzago izateko modu bakarra gizakiekin saiakuntza klinikoak egitea dela. Modelo birtual egokiak (ordenagailuen laguntzaz) garatzen ez diren bitartean, behintzat, saiakuntza kliniko horietan parte hartzen duten gizakiak gizartetik isolatu eta zorrozki kontrolatu beharko genituzke.

Gaixotasun ezezagunen arriskua

Espezieen arteko muga naturalak deuseztatzeak, xenotransplanteen kasuan, gizakiengan orain arte ezezagun izan diren gaixotasunak erakar ditzake. Arrisku horren garrantzia atzemateko, gogora ditzagun animaliengandik gizakiengana eratorritako birus eta infekzioen adibide ezagun bi: HIESa eta Ebolaren birusa. Zuzenbide eta Giza Genoma Katedrak gauzatutako ikerketen arabera, hemen ikusten dute gure biztanleriaren erdiak baino gehiagok teknika horien aurkako arrazoirik nagusiena. Xenotransplanteen ikerkuntzak aurrera jarraituko balu, teknika honen edozein saiakuntza klinikok gizartearen interesak babestu beharko lituzke eta saiakuntzen emaitzak etorkizunerako kontuan hartzen dituen erakunderen bat sortu beharko litzateke.

Animalia emaileak

Argi dago xenotransplanteen arrakastarako gizakiarengandik filogenetikoki hurbilen dauden animaliak (primateak) esperimentazioan eta emaile-moduan erabiltzea litzatekeela hoberen. Harik eta hobe, errefusa ekiditeko edo organoen funtzionamendua hobetzeko ingeniaritza genetikoa aplikatuko balitzaie. Baina gure kulturak animaliengan duen sentiberatasun etikoak, batez ere, primateengan, aukera horiek oztopatzen ditu. Primateekin ikerkuntzak gauzatzeko baimenak oso urriak dira eta, bestelako organo-emaileen kasuan ere, ateratako organo hori gabe animaliak maiz bizitzerik izango ez duela kontuan hartu beharra dago. Sentiberatasuna eta argudio ekonomikoak direla, txerriak izan dira ugaztunetatik erabilienak xenotransplanteak ikertzeko. Baina, filogenetikoki gizakiarengan hain hurbil ez daudenez, saiakuntza horien emaitzek zalantza ugari erantzun gabe uzten dituzte. Xenotransplante baten helburuz egindako manipulazio genetikoak etikoki mugatuta daude ere. Orain arte nagusitu diren printzipio etikoek ez dute onartzen animaliaren fenotipoa (bere espeziekoek duten itxura) eraldatzen duen manipulaziorik. Eta fenotipoa aldatu gabe ere, xenotransplanteetarako onartzen diren aldaketa genetiko bakarrak oztopo immunologikoak gainditzeko helburua dutenak dira. Hortaz, organoen funtzionamendua eta iraupena hobetzeko manipulazioak (arazo fisiologikoak konpontzekoak) posible balira ere, ez daude gaur egun etikoki onartuta.

Zein da eztabaidaren egoera?

Kezka etikoak direla eta, alotransplanteek organo beharraren ehuneko oso garrantzitsua betetzen duten herrialdetan ÐEspainiaren kasuÐ, urrun ikusten dira xenotransplanteak gizakiengan saiatzeko baimenak. Beste herrialde batzuetan, ordea, alotransplante bat jasotzeko itxaropenik ez duten pertsonen kopurua handiegia da eta Gobernuek ezin diote presioari eutsi. Amerikako Estatu Batuek, Alemaniak edo beste herriren batek laster xenotransplanteak gizakiengan saiatzeko baimena emango duela uste da. Dagoeneko badituzte beren burua saiakuntzetarako eskaini duten pertsonen zerrenda luzeak.

Herrialde horien egoera ikusita, xenotransplanteen aurkako jarrera itxiak agorrak direla uste dugu. Segurtasun-neurri eta kontrol egokiak antolatzea posiblea den ikertu beharra dago, baita ondorio immunologiko latzak ekiditeko bitartekoak ote dauden ere. Baldintza bi horiek betetzeko erarik balego, gure partez ez legoke xenotransplanteak gizakiengan klinikoki saiatzeko oztopo etiko latzik. Alotransplanteen kasuan gertatu bezala, berme batzuk badaude teknika honi bere egokitasuna azaleratzeko aukera eman beharko litzaioke, aurrez epaitu gabe.

Hein berean, saiakuntza klinikoekin hasteko jarri ditugun baldintza biak betetzen ez badira (edo zehatzago esanda, betetzen ez diren bitartean), xenotransplanteak gizakiekin saiatzearen aurka gaude zeharo. Xenotransplanteen saioak berehala, hau da, berme horiek gabe, hastearen alde daudenenen interesak oso garbi ez direlako susmoan gaude. Harrenbeste interes ekonomiko eta horrenbeste zalantza zientifiko tartean direla, saiakuntza klinikoetara boluntario aurkeztu diren hainbat pertsonari zer informazio eta zer itxaropen eman dieten jakin nahiko genuke guztiok.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia