}

Nanoteknologia freskoak zaharberritzeko

2001/07/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia


Florentziako kimikari batzuk freskoetan ateratzen diren maluta-itxurako koskorrak tratatzeko kare hilaren bidezko teknika bat garatu dute.
Gli Angeli Musicant i, Santi di Tito
1536-1603

Errenazimentuan pintore askok ez zuten mihisea erabiltzen. Aldiz, eliza eta jauregietako paretetan pintatzeko freskoen teknika ohizkoa zen. Teknika hori konplexua da eta trebezia handia eskatzen du. Pintatu beharreko paretan igeltsu hezea jartzen zen, eta lehortu baino lehen gainean pintura zabaldu behar zen. Horrela, pintura hori igeltsuarekin batera itsasten zen, hau da, pintura igeltsuaren konposizioaren osagai bilakatzen zen.

Denboraren poderioz eta hezetasunak eraginda, freskoak pixkanaka hondatu egiten dira. Normalean maluta-itxurako koskor batzuk sortzen dira, eta marrazkiak leuntasuna eta kolorea galtzen du gune horietan. Hezetasunarekin karea (kaltzio oxidoa) kare hil (kaltzio hidroxido) bihurtzen delako gertatzen da hori.

Koskor txiki horiek tratatzeko hainbat teknika garatu dira. Eraginkorrenetako bat alkoholetan dauden kaltzio hidroxidozko kristal ñimiñoak freskoari itsastea da. Alkohola lurruntzen den heinean, kristalek ura eta karbono dioxidoa xurgatzen dituzte, eta freskoaren materiarekin bat egiten dute.

Dena dela, teknika hori eraginkorra izateko, oso kristal txikiak itsatsi behar zaizkio freskoari. Merkatuan eros daitezkeenak handiegiak dira, eta, horregatik, Florentziako unibertsitateko Piero Baglioni kimikariak zuzentzen duen taldekoek kaltzio hidroxidozko kristal ñimiñoak egiteko sistema jarri dute martxan.

Gehienez 250 nanometro luze diren partikulak egitea lortu dute, ia molekularen tamainakoak, alegia. Gainera, partikula lauak direnez, ura eta karbono dioxidoa azkar xurgatzen dituzte. Metodoa probatzeko, XVI. mendean Santi di Tito pintoreak pintatutako Gli Angeli Musicanti freskoa zaharberritu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia