}

Nanosat: NASA-ren etorkizuneko minisatelitea

1999/10/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

NASA-k satelite berriak espazioratuko ditu laster. Eta? Galde dezake norbaitek. Hori ez da gauza berria, urteak dira sateliteen kontrolpean bizi garena. Baina, satelite horien tamaina egongelan duzun telebistarena baino handiagoa ez dela aurreratuz gero?

Horixe da NASAk eskuartean duen azken proiektua: 40 cm luze, 20 cm garai eta 10 kg-ko pisua duten hiru minisateliteren espazioratzea. Proiektuaren helburua espazioaren ikerkuntzarako horrelako zundak erabilgarriak diren aztertzea da. Horretarako, hiru satelite berriak magnetosferan jarriko dituzte orbitan. Magnetosfera Lurra inguratzen duen geruzarik urrunena da, 600 eta 90.000 km bitartean zabaltzen dena eta eguzki-haizeen eragin bortitza jasaten duena.

Eguzki-haizeak Eguzkiaren berezko jardueraren ondorioz etengabe izarretik jaurtikiak diren kargadun partikulak dira. Partikula-fluxu hori sateliteen zirkuitu eta aparailuentzat oso kaltegarria izaten da, zeharo ondatu baititzake. Proiektuaren lehenengo fasean beraz, estatubatuarrek minisateliteak eguzki-haizearen eragina jasateko gai diren ikusi nahi dute. Aldi berean, jasotako informazioa magnetosfera eta eguzki-haizeen arteko interakzioa aztertuko duen Magnetospheric Constellation proiekturako erabilgarria izango dela uste da.

Itxura oktogonaleko hiru sateliteen jaurtitzea 2003. urterako aurreikusia dago, 28 milioi $ (4.000 milioi pezeta inguru, 160 milioi libera inguru) balio duen Space Technology Five (ST5) proiektuaren barruan. Hiru sateliteak Nanosat Constellation Trailblazer (NTC) izenaz bataiatutako formazioa osatuz biratuko dira Lurraren inguruan. Nahiz eta Lurraren ingurua telekomunikazio-satelitez josia dagoen jada, lehenengo aldiz iritsiko dira hain urrun horrelako konstelazioak. Gainera, hiru sateliteok elkarrekiko orbita independienteetan ibiliko dira eta elkarren arteko distantzia erlatiboa 100 eta 1.000 km bitartekoa izango da. GPSa erabiliz, hiru zundek uneoro jakingo dute zein den beren posizioa beste biekiko. Horri esker eta, txarrenean jarrita, sateliteren batek huts egin edo orbita galduko balu, berriro definitu eta konstelazioa berrosatezko aukera izango lukete NASAko adituek.

NASAk berriro ekin dio beraz espazioaren esplorazioari, New Milenium Program (NMP) deituriko programa espazial berriztatuarekin. Berritze horren helburuetako bat azken urteetakoak baino esplorazio-teknika merkeagoak garatzea da. ST5 proiektua horri begira garatzen ari dira. Minisateliteak eraikitzea merkeagoa izateaz gain, orain arte baino potentzia gutxiagoko espazio-jaurtigailuak beharko lituzkete eta, ondorioz, kostuak gehiago murriztuko lirateke.

Mikro eta nanoteknologiak garatu behar dira noski, hori lortuko bada. Programa berri honen beste helburuetako bat, espazio-ontzi "adimentsuak" lortzea da. Espazio-ontzi hauek ez lukete gidaririk beharko, eta beren burua gidatu eta matxurak era autonomoan konpontzeko gaitasuna izango lukete. Gainera, zunda horien zainketa -anetarako jende gutxiago beharko litzateke. Azkenik, horrelako satelite-sorta bidali eta bateren bat galduta ere, eginkizuna ez litzateke bertan behera utzi behar izango.

NMPren proiektu bakoitza etorkizunerako bidaia sofistikatuagoen "zirriborroa" da nolabait. Eta teknologia berri horiek probatzen diren aldi berean, espazioari buruzko lehen eskuko informazioa jasotzen ari da. Zenbait urteren buruan, hasierako hiru sateliteak benetako espazioko ontzi-flota bihurtuko dira. Izan ere, aldi berean Nanosat horietako 100 baino gehiago bidaltzea da asmoa. Ikuskizun aparta benetan.

New Milenium Program-aren proiektuak

Aipatutako ST5 proiektuaz gain, badira beste zenbait ideia interesgarri NMP programaren barnean:

Deep Space

1. 1998ko urriaren 24ean bidalitako zunda honek eguzki-sistemako gorputz txikien azterketa du helburu. Propultsio ionikoa zein nabigazio guztiz automatikoa duen lehen espazio-ontzia izan da.

Deep Space 2 .

Bi zunda hauek Marteko lurrazalean ezarriko dira abenduaren 3an. Hiru dira proiektu honetako helburuak: planetaren zorupeko propietate termikoak aztertzea, Marteren zoruan izotza egon daitekeen ikustea eta planeta gorriaren atmosferako ezaugarriak zehaztea.

Earth Observing 1.

Proiektu honetan Lurra izpi infragorri eta ikuskorren eremuan behatuko da. Jaurtiketa abenduaren 15ean izango da eta, ondo funtzionatuz gero, Landsat serieko hurrengo sateliteek eramango duten teknologia berria probatuko da.

Space Technology 3.

2003an jaurtikiko diren hiru zunda hauek duten teknologiari esker, oso urruneko izarrak zein gurea bezalako planeta-sistemak behatu ahal izango dira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia