Nanokristal preziatuak hondakinetan
2002/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Purdu Unibertsitateko ikertzaile-talde baten ustekabeko aurkikuntza bati esker, materialak gogortzeko nanokristalak erabili ahal izango dira kostu ekonomiko handiegirik gabe.
Aurkikuntza ustekabekoa izan da, ikertzaile-taldearen eginbeharra ez baitzen hori lortzea, txipak birziklatu ahal izateko urtzea baizik. Baina, beren zorionerako, sortzen dituzten hondakinetan nanokristal preziatuak daudela jabetu ziren.
Nanokristalak materialak gogortu, erresistentzia handitu eta materialaren biziraupena luzatzeko eraginkorrak direla jakina zen, baina, sistema eraginkorra izan arren, orain arte erabilera industrialerako garestiegia zen. Izan ere, libra bat nanokristal ekoizteak 100 $ balio zuen.
Txipak urtuta nanokristalak lortzea, berriz, 100 aldiz merkeagoa dela jakinarazi du ikertzaile-taldeak eta, beraz, pentsatzekoa da nanokristalak gero eta gehiago erabili ahal izango direla industrian.
Lan honen azalpen eta xehetasunak hil honetako Journal of Materials Research aldizkarian eman ditu ikertzaile-taldeak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia