}

Mitridates erregearen sekretua

2001/03/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Duela 2.000 bat urte Pontoko Mitridates erregeak trikimailu bikaina erabili zuen arerioak garaitzeko. Kondairak dioenez, Mitridates etsaiek pozoituko ote zuten beldur zen eta haiengandik babesteko pozoi-dosi txikiak hartzen zituen, pozoiekiko immunitatea garatzekotan edo. Teknikak funtzionatu egin zuen eta erregearen izena pozoientzako antidotoekin lotzen da gaur egun.

Science aldizkarian kondaira maila poetikotik maila molekularrera eraman eta Mitridatesen pozoiekiko erresistentziaren oinarri molekularrak azaldu dituzte artikulu batean. Besteak beste, La Jollako Ikerketa Biologikoetarako Institutuan (Kalifornia) ari dira giza gorputzak pozoien kontra duen defentsa mekanismoa aztertzen, eta Science aldizkarian hango aurkikuntzen berri ematen da.

Gibeleko zelataria

Gizakiok gibelean zelatari kimikoez osaturiko babes-sistema daukagula jakina da ikertzaileentzat, baita gutxi gorabehera nola funtzionatzen duten ere. Zelatariek kaltegarriak izan daitezkeen substantzia kimikoak detektatzen dituztenean, gibeleko zelulek CYP3A deritzon entzima ekoizten dute, konposatu asko (horien artean hainbat toxina) suntsitzeko gai dena. Hala ere, sistemak zehazki nola funtzionatzen duen ez da oraindik argitu.

Badirudi lehen hartzaile batek toxina detektatzen duela eta "polizia" kimikoari hura suntsitzeko agindua ematen diola. Baina zein da hartzaile hori? Zientzialari gehienek hartzaile-multzo zabal eta espezializatua aurkitzea espero zuten, baina ez da hala gertatu. Zenbait talderen ikerketen arabera, proteina bakarra da lan hori egiten duena. Proteina horrek milaka konposatu kimiko arriskutsu detektatzeko gaitasuna du eta detektatu eta berehala gibelari erasotzeko agindua ematen dio.

Ondorio horietara iristeko bidea Santiago belarrak eman zien. Santiago belarrak fama handia du depresioen kontrako botika gisa, baina azken urteetan hainbat botikekin elkarrekintza kaltegarriak izaten dituela ikusi da, asmaren kontrako zenbait botikekin, kontrazepziozko pilulekin edota transplanteen errefuxa saihesteko botikekin adibidez. Santiago belarraren erruz arazoak agertu diren guztietan, odoleko botika-maila behar baino txikiagoa neurtu zaie gaixoei. Horregatik, Santiago belarrak CYP3A entzima aktibatzen duela uste du ikertzaile askok.

Mekanismo sinplea

Kalifoniako ikertzaileek hipotesia egiaztatzeko testak egin dituzte eta uste baino azkarrago eskuratu dituzte emaitza adierazgarriak. Saguekin egindako saiakuntza guztietan, Santiago belarrak zeluletako PXR proteina aktibatzen duela ikusi dute eta proteina horrek CYP3A entzima ekoiztea eragiten duela. Santiago belarrak dituen konposatu aktiboen artean, badirudi hiperforina deritzon molekula dela aipatu mekanismoaren eragile bakarra eta, aldi berean, PXR proteina dela gibeleko Defentsa-mekanismo guztia martxan jartzen duena.

Hala ere, azken baieztapen hori ez dago erabat ziurtatzerik. Izan ere, Nature aldizkarian goian azaldutako mekanismoaren pareko beste baten berri eman baitute. Prozesua antzekoa da oso, baina kasu honetan CAR proteinak eta CYP2B entzimak hartzen dute parte. Dena dela, pozoien kontrako defentsa-sistema uste baino sinpleagoa dela aurreratu daiteke eta hipotesia erabat egiaztatzen bada, aurrerapauso handia izango da farmakologian ari direnentzat.

Mitridatesen kondairara itzuliz, zergatik ez zen pozoituta hil? Pozoi-dosi txikiak irentsiz, bere defentsa-mekanismoa denbora guztian adi gordetzen zuelako, eta dosi handiak irentsitakoan, gorputzak azkar erreakzionatu eta pozoia neutraliza zezakeelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia