}

Minbizi-zelulen suizidioa eragiteko teknika bat garatu dute Israelen

2002/08/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Garuneko minbizi bortitzenaren kontrako estrategia espezifiko bat izan daitekeenaren oinarriak ezarri dituzte Israelgo Unibertsitate hebrearreko ikertzaileek. In vitro eta saguetan emaitza onak eman ditu minbizi-zelulen suizidioa eragiten duen teknika berri batek.

Minbizi-zelulak suntsitzeko genetikoki eraldatutako birus batez baliatu dira ikertzaileak. Birusa GIBaren familiakoa da eta zelulen suizidio-mekanismoa aktibatzen duen molekula bat garraiatzen du. Teknika garuneko minbizi bortitzenarekin probatu dute, glioblastoma-mota batekin. In vitro egindako probetan, birusak minbizi-zelulen heriotza eragiten zuela ikusi dute, eta saguetan, berriz, tumorearen hazkundea inhibitzen zuela. Bi kasuetan, zelula osasuntsuek ez dute inolako kalterik jasan. Israelen garatutako estrategia berria gene-terapian oinarritzen da, birusak genomaren gune jakin batean lotzen den molekula garraiatzen baitu zeluletaraino.

Minbizi-mota askotan, gaiztotutako zeluletako geneak desagertu edo tokiz aldatu egiten dira. Eta, kasu askotan, mRNA molekula jakin bat sortzen da desagetzea edo aldaketa gertatu den puntuan. Israelgo ikertzaileek mRNA horri lotzen zaion molekula bat diseinatu dute, biek batera zelularen suizidio-mekanismoa martxan jartzen baitute. Molekulak elkartzen direnean, zelula PKR deritzon proteina ekoizten hasten da eta bere burua suntsitzen du. Suizidio-mekanismoak ohikoak dira zeluletan; gaixo daudenean edo birusen batek kutsatzen dituenean aktibatzen dira, organismoa babesteko, baina minibizien kasuan ez dute funtzionatzen. Horregatik da hain zaila zelula horiek suntsitzea.

Israeldarrek GIBaren familiako birus bat erabili dute ‘molekula hiltzailea’ minbizi-zeluletaraino garraiatzeko. Birus horrek zelulak kutsatzeko gaitasun handia duenez, ‘botika’ nahi den tokira iritsiko dela ziurtatzen dute horrela. Noski, birusa genetikoki eraldatuta dago gaitzik sor ez dezan.

Estrategia bera linfomekin eta leuzemiarekin probatzen hasi dira orain. Hala ere, bide luzea dago oraindik teknika hau gizakiarentzat eraginkorra izango den jakiteko. Saguei azalpeko tumoreetan zuzenean txertatu diete ‘molekula hiltzailea’, baina errealitatea oso bestelakoa da. Gehienetan ezin izaten da zuzenean tumoreraino iritsi eta ‘botikak’ oztopo handiak gainditu behar izango ditu minbizi-zeluletaraino iritsi aurretik, besteak beste, sistema immunologikoa. Hain juxtu, ‘botikak’ zeluletaraino osorik eramango dituzten garraiatzaileak topatzea da gaur egun gene-terapiak duen zailtasun handietako bat.

Ikerketa Nature Biotechnology aldizkariko iraileko zenbakian argitaratutako da, baina Internet-en irakurgarri dago dagoeneko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia