Minaren aurkako botikak garatzeko jomuga berriak aurkitu dituzte

2012/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

EHUko Medikuntza eta Odontologiako Fakultateko eta Farmazia Fakultateko ikertzaileek osatu dute minaren kronifikazioa ikertu duen taldea. Arg. © EHU

Minaren aparatu sentsorialak nahasmenduak izan ditzake, eta halakoen ondorioz, mina kroniko edo neurrigabe bihurtzen da. EHUko ikertzaileek minaren kronifikazioa eragiten duen mekanismo molekular berri bat aurkitu dute, eta ikerketak oinarri bat ematen du botika analgesiko eraginkorragoak garatzeko.

Serotoninari lotutakoa da Neurozientzien Saileko Minaren Mekanismoak taldeak aurkitu duen mekanismoa. Serotoninak mina modulatzeko eginkizuna betetzen du, besteak beste. Hala ere, ikerketa honek agerian jarri du mina kroniko edo neurrigabeko bihurtzen duten prozesuetan ere parte hartzen duela. Nerbio-lesio bat eragiten zaion animalia-eredu batean egiaztatu ahal izan dute zein den mekanismoa. Ikertzaileek ikusi dute serotoninaren 5-HT2A hartzaileak eta glutamatoaren mGluR1 hartzaileak elkar aktibatzen dutela, eta elkarren arteko aktibazio horrek mina areagotzea eta denboran luzatzea dakar. "Mekanismo molekular hau nerbioak kalte hartzen duen unetik ordu gutxiko epean abiatzen da, eta mina kaltearekin harremanik gabeko kokapen bitxi eta ezohikoetara zabaltzeaz arduratzen da; adibidez, gorputzean kalte hartu duen tokiaren beste aldera", esan du Jatsu Azkue medikuak, Minaren Mekanismoak taldeko zuzendariak.

Gaur egun, minaren aurka jarduteko estrategiatako bat da nerbio-sisteman serotonina neurotransmisorea ugaritzea, eta ikerketaren emaitzek adierazten dute "serotoninak ez duela beti mina murrizten; okerrera egiten ere lagun dezakeela", azaldu du Azkuek. "Serotonina-kantitatea handitzea baino estrategia hobea litzateke serotoninaren ondorio ez horren desiragarriak kontrolatzea, 5-HT2A hartzailearen aktibazioa blokeatuko luketen edo hartzaile horren gain eta glutamatoaren mGluR1 hartzailearen gain aldi berean jardungo luketen botiken bitartez", gehitu du.

Aurkikuntzari buruzko artikulua The Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia