}

Mikrouhinak, gero eta erabiliagoak

1992/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Une honetan, Erresuma Batuko familietan % 55ek mikrouhinezko labea du. EEBBetan % 80k, Frantzian % 30ek eta Estatu Espainiarrean % 20k.

Zenbaki hauek erabat aldatuko dira hurrengo hilabeteetan; izugarri hazten ari bait da mikrouhin-labeen merkatua.

Hala ere, arriskuak badaude eta Europako Ekonomi Elkarteak hiru orrialdeko txosten batean mikrouhinezko irradiazioen arriskuak aipatu berri ditu, hots, antzutasun, gorputzeko tenperatur igoera, ikusmen-akats, zelulak pozoitu, erredura, elikadurak pozoitu, eta abarrerako arriskuak.

Txosten horretan esaten denez, aipatu arrisku horiek ezereztatu egiten dira, beti ere gizakiak berak mikrouhinak jasotzen ez dituen bitartean. Izan ere, merkatal aparatuak, orain arte bederen, oso seguruak dira eta ia istripurik ez dela izan aitor daiteke.

Esanak esan, badago kontutan hartzeko faktore bat, hau da, bakterioak, oro har, ez dira hiltzen. Baina, akats hau ez da labe-mota honena bakarrik; egindako frogetan ohizko labeetan fenomeno bera gertatzen dela baieztatu bait da.

Arazo hau elikagaiak deskongelatu bakarrik egiten direnean egon daiteke. Elikagaiak ondo erretzen direnean, arriskua ia desagertu egiten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia