Mikroorganismoak hidrogeno hutsezko atmosferan bizi daitezke

2020/05/05 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hidrogeno hutsezko atmosferan bizi daitekeen aztertzeko, Escherichia coli bakterioa (goian) eta Saccharomyces cerevisiae legamia aukeratu dituzte prokarioto eta eukariotoen ordezkari gisa. Arg. WikiImages, Pixabay

Massachusettseko Institutu Teknologikoak (MIT, AEB) egindako esperimentu baten arabera, Escherichia coli bakterioa eta Saccharomyces cerevisiae legamia gai dira hidrogenoa besterik ez duen atmosfera batean bizitzeko. Gure planetako atmosfera nitrogenoz, oxigenoz eta argoiez osaturik dago, batez ere, eta ez zuten espero hidrogeno hutsez bizitzeko ahalmena izango zutenik. Ikertzaileek adierazi dute Lurreko atmosferan baino 2-2,5 aldiz motelago hazi direla, baina, emaitzak ikusita, uste dute bizia uste zena baino ingurune exoplanetario askoz ere zabalago batean sor litekeela.

MITeko ikertzaileen arabera litekeena da exoplaneta arrokatsu handiek Lurrak baino hidrogeno gehiago pilatzea beren atmosferan. Gainera, planeta horiek dira detektatzeko errazenak, H2-aren dentsitate txikiak planetaren atmosfera hedatzera eragiten baitu. Hortaz, eskatu dute, belaunaldi berriko teleskopioak martxan daudenerako, halakoak ere sartu beharko liratekeela biziaren bila aritzeko planeten balizko zerrendan.

Gainera, E. coli bakterioaren makinaria metaboliko aberatsa nabarmendu dute, gas-mota ugari sor ditzakeela ikusi baitute—oxido nitrosoa, amoniakoa, metanotiola, dimetil sulfatoa eta isoprenoa, besteak beste—. Gas horiek guztiak bizi mikrobianoaren arrastotzat hartu beharko liratekeela adierazi dute. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia