Michellen edertasuna
2001/11/08 Elhuyar Zientzia
Urakanak berriz ere Karibe astintzen ari dira. Azken egunotan Michelle urakana izan da kalte ugari eragin duena. Kuban, adibidez, 700.000 pertsona inguruk bere etxetik alde egin behar izan du. Baina sateliteak jasotzen dituen irudiak politak direnik ezin da ukatu.
Urakanak beharrezkoak dira Lurraren atmosferan, beroa eta energia ekuatoretik poloen inguruko lurralde hotzagoetara garraiatzen baitituzte. Itsaso beroak bere gaineko airea berotzen duenean sortzen da urakana, aire bero eta hezeak zutabe moduan gora egiten duenean azkar. Horrela, azalean presio baxuko gunea eratzen du, eta inguruan dabilen haizea azkar abiatzen da presio baxuko gune horretarantz. Barruko haize espiralak gorantz jotzen du, eta, jaistean, beroa eta hezetasuna askatzen ditu.
Ekaitz arruntak urakan bihurtzeko hainbat faktorek bat egin behar dute: batetik, haize beroaren iturriak egon behar du (ozeano tropikala kasu horretan, azaleko tenperatura 26 ºCtik gora duen kasuetan); bestetik, Lurraren latitudearen mende dagoen errotazio-indarra (Coriolis-en indarra) behar du, giratu ahal izateko. Normalean urakan horiek Afrikako mendebaldean jaiotzen dira, eta Atlantiko osoa zeharkatuz iristen dira Kariberaino.
Horrelako ekaitz tropikalek urakan izena hartzen dute Atlantikoan, baina tifoi Pazifikoan eta zikloi Indiako Ozeano. Urakanen garaia batez ere uztaila eta urria bitartean izaten da, Atlantikoko tenperatura altuen dagoenean. Tifoi eta zikloiak, ordea, azaroa eta martxoa bitartean izaten dira.
Urakanen sorrerta eta anatomiari buruzko informazioa nahi duenak grafiko interesgarria aurki dezake El Mundo egunkariaren web gunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia