Ikerketa batek iradoki du fenomenoa areagotzen ari dela Lurra berotzen den heinean. Galapagoetako koralen milaka urteko erregistro bat aztertuta, ondorioztatu dute fenomenoaren aldakortasuna industriaurreko garaikoa baino % 37 handiagoa dela, gutxi gorabehera, Ozeano Barearen ekialdean.
El Niño fenomenoan, Lurreko batez besteko tenperatura igo egiten da, Ozeano Bareko gainazaleko ur beroak azalera handiagoa hartzen baitu, eta, beraz, ozeanoak bero gehiago ematen dio atmosferari. Berotze globalak tenperatura are gehiago igotzea eragin dezake.
«El Niño bortitzak ahuldu egin daitezke»
Alabaina, El Niño guztiak ez dira berdinak. Ozeano Bareko gainazala batez bestekoa baino 1-1.5 ºC beroago dagoenean, El Niño arrunt bat dela esaten da. Tenperatura horretatik gora, fenomenoa bortitza edo oso bortitza izan daiteke.
Hori kontuan izanda, berotze globalak espero ez zen eragin bat ere izan dezake fenomeno horretan. Eredu klimatikoek erakutsi dute etorkizunean Lurreko batez besteko tenperatura 3.5 °C igoko balitz, El Niño bortitzak ahuldu egin daitezkeela Ipar Amerikan, baina indartu egin daitezkeela Europan. Egileek adierazi dute El Niño bortitzak maizago gertatuko direla, baina Lurreko kliman izango duten eragina txikiagoa izan daitekeela.
Uda hasieran, adituek adierazi zuten 2026ko uda bereziki beroa izan zitekeela, eta hala izan da eremu batzuetan, Euskal Herrian kasu. Ea nolako bilakaera duten hurrengo hilabeteek.
Erlazionatuak
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



