El Niño 2-7 urtean behin gertatu ohi den fenomeno bat da. Maiatzean, Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi zuen El Niño fenomeno berri bat gertatuko dela abuztutik azarorako tartean % 90eko probabilitatearekin. Iragarpenak beteko balira, 2027an berriro ere hautsiko litzateke urte beroenaren errekorra, eta horrek muturreko eguraldia eragingo luke munduko hainbat lekutan.
«Kalte handiak sor ditzakeen arren, fenomeno erabat naturala da»
El Niño-ren hegoaldeko oszilazioa (ENSO, ingeleseko sigletan) El Niño eta La Niña fenomenoak barne hartzen dituen patroi klimatikoa da. El Niño eta La Niña bi fase kontrajarri dira: El Niñok Ozeano Bareko urak berotzen ditu ekuatorean, eta La Niñak, berriz, hoztu egiten ditu.
Oszilazio hori muturreko gertaera klimatikoen arrazoi nagusia da, eta lotura izaten du lehorteekin, uholdeekin, baso-suteekin, eta koralen zuritzearekin. Nekazaritzan, ekosistemetan, eta giza osasunean ere eragiten du. Kalte handiak sor ditzakeen arren, fenomeno erabat naturala da, eta Ozeano Barearen eta haren gaineko atmosferaren arteko elkarrekintza bitxi batek eragiten du.
«Ekuatore inguruko itsas-maila metro erdi altuagoa da Ozeania ekialdean Hego Amerika mendebaldean baino»
Lurraren errotazio-ardatzaren inklinazioagatik, Eguzkiak ez du uniformeki berotzen Lurra, eta ekuatorea gehiago berotzen da Lurreko beste edozein eremu baino. Ekuatoreko eremuetan aire bero eta hezeak gorantz egiteko joera du, eta, horren ondorioz, atmosferako presioa jaitsi egiten da. Desoreka hori berdintzeko, haizeak putz egiten du ekuatorerantz latitude altuagoetatik. Ozeano Barearen eremu ekuatorialean alisio haize iraunkorrak daude urte osoan zehar, ekialdetik mendebaldera putz egiten dutenak, hau da, Hego Amerikatik Indonesia aldera.
«Batzuetan, alisio haizeak ahuldu egiten dira, norabidez ere aldatu daitezke»
Ohiko egoeran, haize horrek Ozeano Barearen gainazaleko ur epela bultzatzen du Ekuador, Peru eta Txile iparraldeko kostaldetik, Indonesia eta Australia aldera. Hein batean fluxu konstante horren eraginez, ekuatore inguruko itsas-maila metro erdi altuagoa da Ozeania ekialdean Hego Amerika mendebaldean baino, eta ura beroago dago. Itsas mailaren diferentzia horrek ere orekatzera jotzen du etengabe, eta Ekuador, Peru eta Txile iparraldeko kostaldeetan sakoneko ur hotz eta mantenugaitan aberatsa igotzen da gainazalera.
Zientzialariek oraindik ez dute argitu zergatik, baina batzuetan, alisio haizeak ahuldu egiten dira, eta norabidea ere aldatu dezakete. Haizearen faltan, gainazaleko ur epela ez da Ozeania ingurura bidaltzen, eta Hego Amerikako kostalde ekuatorialean pilatzen da. Hura lurruntzen hasten denean, ozeanoak metatutako bero-kantitate ikaragarria atmosferara pasatzen da. Horixe da El Niño egoera, eta guztiz eragiten du Lurreko kliman.



