Mekanika kuantikoaren eraginpeko egiturarik handiena
2001/05/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Fisikaren esparru berezienetako batek, mekanika kuantikoak, partikulen jokabidean du eragin handiena. Atomoa eta atomoa baino txikiagoak diren partikula guztien izaera eta mugimendua fisika kuantikoa aplikatuz bakarrik azter daitezke.
Mekanika kuantikoaren printzipioetako batek dioenez, ezin dira partikula baten kokapena eta abiadura batera neurtu. Baieztapen horrek hainbat arazo filosofiko ditu berekin. Izan ere, mekanika kuantikoa garatu zen garaitik aldeko eta kontrako iritzi ugari plazaratu dira.
Hala eta guztiz ere, efektu hori eta antzeko beste batzuk egitura handietan desagertzen dira. Orain, Anton Zeilinger fisikari austriarrak mekanika kuantikoaren eraginaren muga uste baino molekula handiagoetan dagoela adierazi du. Bere ustez, fisika kuantikoaren efektuak egitura handietan ikusi ahal izatea trebetasun- eta diru-kontua besterik ez da.
Zeilinger-ek hirurogei karbono-atomoz osatutako fulereno bat (pilota-itxurako molekula) aztertu du. Handi eta txiki daitekeen zirrikitu batetik pasarazi zuten molekula horien sorta bat. Laser-sentsore baten bitartez, molekulen abiadura neurtzen saiatu ziren zirrikitua zeharkatzen zuten une berean. Zirrikitua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta aldakorragoa zen une horretan neurtutako molekulen momentua, abiadura alegia.
Zalantzarik gabe, hori teoria kuantikoaren ondorioa da. Gainera, esperimentua beste molekula handiagorekin ere egin daiteke, pixkanaka horien tamaina handitzen dela. Tamainaren muga, beraz, ez dago erabat zehaztuta mekanika kuantikoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia