}

Medikuntzako Nobel saria, in vitro ernalkuntza-teknikaren aitarentzat

2010/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Robert G. Edwards fisiologo britainiarrak jasoko du aurten Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria, in vitro ernalkuntza-teknika asmatzeagatik. Hala jakinarazi berri du Karolinska Institutuak , eta albistea berehala hedatu da, gizartean teknika horrek duen eraginaren erakusle. Hain zuen ere, herrialde askotan jaiotzen diren umeen % 2-3 inguru teknika horretan oinarrituta ernaldu dira.

Robert G. Edwards, Fisiologiako edo Medikuntzako aurtengo Nobel sariduna.
(Argazkia:Sheikh Hamdan Bin Rashid Al Maktoum Award for Medical Sciences/Nobel Sarien wegune ofiziala)

1950eko hamarkada zen Robert G. Edwards ernalkuntzaren oinarri biologikoak ikertzen hasi zenean. Bikoteen antzutasuna gainditzeko irtenbide bat obulua gorputzetik kanpo ernaltzea zela susmatzen zuen, eta hori lortzen ahalegindu zen.

Obozitoak obulu nola bilakatzen ziren aztertu zuen, eta prozesu horretan zer faktore eta hormona behar ziren aurkitu zuen, baita ernalkuntza zein fasetan gertatzen zen ere. Espermatozoideak aktibatzen ere jakin zuen, eta 1969an obulu bat in vitro ernaltzea lortu zuen.

Alabaina, obulu ernalduak ez zuen hazten jarraitzen, ez zen enbrioi bilakatzen. Orduan, Edwardsek pentsatu zuen emaitza hobeak izango zituela, ernalkuntza gertatu aurretik, obulua obulutegian heltzen bazen. Hala, laguntza eskatu zion Patrick Steptoe ginekologoari.

Elkarlan emankorra

Steptoe laparoskopia izeneko teknikaren asmatzailea zen. Ordura arte, obozitoak lortzeko, obulutegiaren zatitxo bat erauzten zitzaion emakumezkoari; metodo hori, ordea, ez zen egokia obuluak ernaltzeko une aproposenean hartzeko. Laparoskopiari esker, obuluak fase horretan har zitezkeen, inguruko zelulei inolako kalterik egin gabe.

1970eko hamarkadaren hasieran, Edwards eta Steptoe in vitro ernaldutako enbrioiak emakumeen umetokietan ezartzen hasi ziren. Ehun bat saiakera egin zituzten, baina, kasu guztietan, emakumeek galdu egin zuten enbrioia. Gakoa emakumezkoei obozitoak heltzeko ematen zitzaien hormona-tratamenduan egon zitekeela pentsatuta, tratamendua aldatu zuten, eta hala lortu zuten lehen haurdunaldia. Ektopikoa zen, ordea, eta abortua eragin behar izan zuten.

In vitro ernaldutako giza enbrioi baten garapenaren lehen faseak.
(Argazkia: Wikipedia)

Porrot horien ondoren, obuluen garapena sustatzen zuen tratamendua alde batera uztea erabaki zuten. Horren ondorioz, hileko obulu bat baino ezin zuten hartu, baina, gernuan hormona luteinazatzaileen kontzentrazioa neurtuta, laparoskopia erabilita obulua eskuratzeko unerik egokiena zein zen jakin zezaketen.

Bide horretatik saiatu ziren, beraz. Gizartearen zati bat aurka zuten, auzi etikoak zirela medio, baina, azkenean, 1978an, Louise Joy Brown jaio zela jakinarazi zioten munduari. In vitro ernalkuntzaren bidez jaiotako lehen haurra zen.

Garapen azkarra

Horren ondoren, lagundutako ernalkuntzan espezializatutako klinika bat sortu zuten Edwardsek eta Steptoek. Urteen joanean, teknika finduz eta hobetuz joan ziren, eta 1986rako mila haur jaiotzea lortu zuten. Steptoe 1988an hil zen, eta Edwardsek klinika horretan jarraitu zuen lanean, erretiroa hartu zuen arte. Ordurako, in vitro ernalkuntza mundu osoko kliniketan erabiltzen zen, bikote antzuei haurrak izaten laguntzeko.

Karolinska Institutuak nabarmendu duenez, Edwardesen lana oinarri izan da zelula ama enbrionarioen ikerketarako, eta baita ezarpenaren aurreko diagnosi genetikoa garatzeko ere. Hain juxtu, diagnosi horri esker, umetokian ezarri aurretik jakin daiteke in vitro ernaldutako enbrioia osasuntsua den edo ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia