}

Meandroetako mina

2004/02/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia | Izagirre Igartua, Oihana Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ibaiak ez dira ubide soilak, bizirik daude, mugitu egiten dira, arnasa hartzen dute eta ekoitzi egiten dute, uraz gain beste hainbat substantziaz eta izakiz osatutako ekosistemak baitira, askotan ahaztu egiten zaigun arren. Ibar-basoak kontuan hartzen baditugu, ibaiak munduko ekosistema emankor eta dibertsoenetakoak dira, eta, beste ekosistema guztietan bezala, hainbat prozesu gertatzen dira.
A. Elosegi

Ekoizleek (alga eta landareek), fotosintesiaren bitartez oxigenoa eta materia organikoa ekoizten dituzte uretako mantenugai ez-organikoetatik abiatuta (nitrato, nitrito, fosfato…). Horrela, ibaiak arazten dituzte, batez ere gizakiaren eraginez uretara iristen diren mantenugaiak atxikitzen baitituzte. Uretan bertan ekoitzitakoaz gain, kanpotik ere materia organikoa jasotzen dute ibaiek, batik bat ibar-basoz inguratutako erreketan, udazkenean, orbela erortzean. Orbela da, hain zuzen, hainbat kontsumitzaileren bazka-iturri nagusia, horien artean ornogabeak, onddoak eta bakterioak. Horiek guztiek ibaira iritsitako materia organikoa prozesatu egiten dute, eta, gainera, arrainen bazka nagusia dira. Arrainez gain, ibaietan badira hainbat ugaztun, anfibio eta hegazti ere, eta guztien artean bazka-sare konplexua eratzen dute.

Ekosistema horiek garrantzi handia dute jendearentzako, balio estetiko eta erromantikoez gain, hainbat baliagai eskaintzen baitituzte: ura, energia, garraioa, arrainak, paisaia, aisialdirako guneak, autoarazteko gaitasuna... Baina giza populazioaren gorakadak eta teknologiaren aurrerapenak oso gogor kaltetu dituzte ibaiak. Hondakin-ur guztiak, hasi etxeetako kondar-uretatik eta industrietako zianuro-isurketetaraino, zuzenean ibaira isuri izan dira; ibar-basoak deuseztatu egin ditugu, eta ubideen morfologia kaltetu. Horrek guztiak ekosistemaren egituran eta funtzioetan eragina duenez, ibaiak ez daude egoerarik onenean, azken urteetan kasu askotan hobera egin duten arren.

Egoera horri aurre egiteko beharraz oraintsu jabetu gara, garai batean ez baitzitzaien inongo arretarik eskaintzen ingurumenarekin lotuta zeuden arazoei. Pixkanaka, ibaien ekosistemen ikerketak, kalitatearen jarraipenak eta saneamendu-planak garatu dira besteak beste, ekosistema osasuntsuak berreskuratu nahian.

Ibaietako isurketak denbora laburrean soilik neur daitezke, laster batean eramaten baititu urak beherantz.

Hasieran, uren kalitatea aztertzeko, ur-analisiak soilik egiten ziren. Baina analisi horiek askotan ez dira gai uretan ehunka poluitzaile batera detektatzeko, are gutxiago ibaietan. Izan ere, ibaietan isurketak denbora laburrean soilik neur daitezke, laster batean eramaten baititu urak beherantz. Isurketa gertatu eta gutxira ura berriro garbi egon daiteke, baina ibaia jada kaltetuta dago. Horrelako isurketek sortutako kalteak detektatzeko garatu ziren indize biotikoak. Horien bidez komunitate biologikoak aztertzen dira, uren kalitatearen historia ezagutzeko. Aldizka isurketaren bat gertatzen bada, izaki sentikorrenak desagertu egiten dira, eta hori detektatuz susma dezakegu uretan arazoren bat gertatu dela. Denborarekin, hainbat indize biotiko garatu dira, eta ohikoenak ornogabeetan eta algetan oinarritutakoak dira.

Baina, zer da ibai osasuntsu bat?

Osasuna izaki organikoak funtzio guztiak egoki betetzen ditueneko egoera omen da. Beraz, ekosistema bat osasuntsu dagoela esan dezakegu dagozkion funtzio guztiak egoki betetzen baditu. Noski, egoki funtzionatzeko egitura egokiak behar dira. Esate baterako, fotosintesirik ezin da gertatu landarerik ez badago. Beraz, osotasun ekologikoak osotasun estrukturala eta osotasun funtzionala behar ditu, txanpon beraren bi aldeak baitira. Ekosistemaren egitura fisikoa, komunitate biologikoek eta beren baliagaiek osatzen dute, eta, hain zuzen, horien kantitatea eta kalitatea aztertzen dira. Funtzionalitatea definitzeko orduan, berriz, ekosistema mailako hainbat prozesu aztertzen dira. Bi osagai horien kalitatea ona denean, ibaia osasuntsu dagoela esan dezakegu.

Hala ere, ibaietan gertatzen den edozein aldaketak ez die halabeharrez egiturari eta funtzioei batera eragiten. Adibidez, Australiako Mary ibaian egindako esperimentu batean ikusi zen nitrogeno-kantitatea eta uren uhertasuna emendatzeak ez zuela eraginik izan ornogabeen komunitatean (egitura), baina aldaketak eragiten zituela arnasketan eta ekoizpen primarioan (funtzioak). Ibaien osasuna aztertzerakoan, bi osagaiak, egitura eta funtzioa, kontutan edukitzea eskatzen du horrek.

Ekosistema baten osasuna neurtu ahal izateko, beharrezkoa da egoera ezin hobe batekin konparatzea. Horretarako, erreferentzia-sistemak erabil daitezke, hau da, oraindik egoera ‘naturalean’ dauden ibaiak. Betiere kontuan izan behar da ibaiak oso desberdinak direla leku batetik bestera, klimaren, geologiaren eta beste hainbat aldagairen ondorioz, eta, beraz, ibai batek eta bere erreferentziazkoak antzeko kondizioak izan behar dituztela. Erreferentziazko ibaietan, ezaugarri fisiko-kimikoak, komunitate biologikoen egitura eta ekosistemaren hainbat funtzio azter daitezke, eta ibai kaltetuak berreskuratzean balio horiek lortzen saiatuko ginateke.

Zer dio legeak horren inguruan?

Uraz gain, beste hainbat substantziaz eta izazkiz osatutako ekosistemak dira ibaiak.
Argazkiak: A. Elosegi eta INRA

Uren kalitatearen inguruko politika oso sakonetik ari da aldatzen. Orain arte, 1999ko Espainiako Uren Legearen arabera poluzioa uren konposaketa kimikoaren narriadura gisa definitzen zen, eta poluzio-maila uretan hainbat substantzia kimikoren kontzentrazioak neurtuz zehazten zen. Bestalde, lortu beharreko kalitatea desberdina zen uraren erabilpenaren arabera (ureztatzeko, edateko, arrainak kontserbatzeko...). Orain, ordea, Europako Batasuneko Uraren Arteztarauak dio ur-masen kalitatea neurtzeko, egoera kimikoa eta egoera ekologikoa neurtu behar direla. Kontzeptu berri hori, egoera ekologikoa, ur-ekosistemen egituraren eta funtzionamenduaren kalitatearen adierazpen gisa definitzen du. Uren kalitateak kalitate fisiko-kimikoa, kalitate biologikoa eta kalitate hidromorfologikoa (ubidearen egitura) barneratzen ditu. Gainera, ez da erabileraren araberakoa, ur-masa guztietan bete beharrekoa baizik.

Kalitatea neurtu ahal izateko hainbat adierazle proposatzen ditu, eta, horien arabera, uren egoera ekologikoa oso ona, ona, onargarria, eskasa edo txarra izan daiteke. Horretarako, erreferentzia-puntuak aukeratu behar dira, hau da, gizakiaren eragin urria jasan duten ibai edo errekak, eta horietan adierazleek dituzten balioak aztertu behar dira. Balio horien berdinak dituzten ur-masek egoera ekologiko oso ona dutela esango da, eta balio horietatik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta txarragoa izango da egoera ekologikoa.

Ikus daitekeen bezala, Uren Arteztarauak nahiko argi uzten du ur-ekosistemen egoera ekologikoa zeren arabera neurtu behar den. Eta, hori nahikoa ez balitz, helburu hau ere ezartzen du: Europako Batasuneko lur gaineko ur-masa guztien egoera ekologikoa adierazle guztiei dagokienez ona izatea lortu behar da 2015. urterako (salbuespenak eta luzamenduak alde batera utzita). Horrek guztiak izugarrizko ikerketa, lana, dirutza eta borondate politikoa eskatuko ditu, eta batzuek diote asmo handiegiko proiektua dela.

Dena den, eta Arteztarauari hutsuneak bilatzen hasiz gero, definizioetan eta asmoetan ur-ekosistemen funtzionamendua zein garrantzitsua den argi uzten duen arren, kalitatea neurtzeko metodo biologikoak aipatzeko orduan, egitura definitzen dutenak baino ez ditu proposatzen (algak, ornogabeak, arrainak), eta ez du funtzioak aztertzeko tresnarik aipatzen. Izan ere, oraindik ez da mundu osoko ibaien funtzionamendua neurtzeko tresna estandarrik garatu, nahiz eta hori kalitate ekologikorako ezinbestekoa den. Hain zuzen, gabezia horretaz jabetuta, hainbat ikertzaile buru-belarri ari dira lanean tresna berri horiek garatzeko.

Ibaien osasuna aztertzeko tresna berriak: funtzioen azterketa

Izokinen migrazioa eta, beraz, horien ugalketa ahalbidetzeko, lagungarria da ur-saltoetan azpiegiturak ezartzea.
A. Elosegi

Azkenaldian, puri-purian daude ibaien ekosistemen funtzioak aztertzeko tresnen inguruko lanak, eta kongresuetako lanik puntakoenak gai horren ingurukoak dira.

Ibaietan hainbat funtzio azter daitezke: mantenugaien arazketa, orbelaren atxikitzea eta erabilpena, bizidunen migrazioak, arrainen ekoizpena, metabolismoa… Badira funtzio horiek guztiak neurtu ahal izateko metodoak, baina ikertzaile bakoitzak bere moduan erabiltzen ditu oraindik, eta administrazioek edo urak kudeatzeko erakundeek tresna estandarrak behar dituzte, eta, batez ere, emaitzak interpretatzeko erreferentziazko balioak. Ibai-mota bakoitzean, prozesu horiek eduki beharko lituzketen balioak zehaztu behar dira, baita kaltetuta badaude zein neurri hartu behar diren ere, eta horixe da une honetan hainbat ikerketa-proiekturen helburua.

Euskal Herriko Unibertsitatean, Ibaien Ekologia Laborategiak arlo horretako bi proiektu ditu martxan: bata orbelaren erabileraren inguruan (RIVFUNCTION) eta bestea metabolismoaren inguruan (METATOOL).

RIVFUNCTION delakoan, Europa osoko 10 unibertsitate ari dira lanean, eutrofizazioak (mantenugaien ugaritzeak) eta ibar-basoen degradazioak orbelaren deskonposizioan duten eragina aztertzen. Deskonposizioa materia organikoa degradatzeari deritzo, eta ibaiak iristen zaion materiala erabiltzeko duen gaitasuna islatzen du. Ibaira orbela iristen denean, ornogabeek eta mikroorganismoek (onddo eta bakterioek) hura erabili eta deskonposatu egiten dute.

Orbela deskonposatzeko gaitasuna, erreketako funtzio garrantzitsua izateaz gain, hainbat estresekiko oso sentikorra da. Gaitasun hori neurtzeko, orbelez betetako sarezko poltsak jartzen dira ibaian. Bi motatako poltsak erabiltzen dira: bata sare larrikoa, ornogabe zein mikrobio guztien sarrera ahalbidetzen duena, eta bestea sare xehekoa, ornogabeen sarrera eragozten duena. Hala, poltsak denbora batera jaso, geratzen den orbel-kantitatea neurtu, eta ornogabeek eta mikrobioek orbelaren deskonposizioan duten eragina neur daiteke.

EBko lur gaineko ur-masa guztien egoera ekologikoa ona izatea lortu behar da 2015erako.
A. Elosegi

Euskal Herriko Unibertsitatean mantenugai ez-organiko gehiegi duten ibaien disfuntzioa detektatu ahal izan dute, horietan mikrobioen eragina nabarmen handitu baita. Bestalde, eukaliptoz inguratutako ibaietan orbelaren deskonposizioa ibar-baso naturalez inguratutakoetan baino geldoagoa dela egiaztatu dute, eta kasu horretan ornogabeak dira erantzuleak. Proiektu horretan lortuko diren emaitzekin, ibaien osasuna aztertzeko beste tresna bat izango dugu eskura.

METATOOL proiektua, berriz, ibai osoaren metabolismoaren ingurukoa da. Ibaietan metabolismoak bi atal ditu: ekoizpen primarioa eta arnasketa. Oxigenoa egun guztian kontsumitzen da, bai ekoizleen eta bai kontsumitzaileen arnasketa dela eta, baina egun-argiz algek materia organikoa eta oxigenoa ekoizten dituzte. Hala, ekoizpen- eta arnasketa-tasen balantzearen arabera, uraren oxigeno-kontzentrazioa aldatuz doa.

Ubidera mantenugai eta argi gehiegi iristen bada, ekoizle primarioak ugaritu egiten dira eta oxigeno-kontzentrazioa balio oso handietara iristen da egunez. Materia organiko hori, ordea, metatu eta usteldu egiten da, eta horrek oxigeno asko kontsumitzen duenez, gau-partean oxigeno-kontzentrazioa nabarmen gutxitzen da. Eskasia horiek oso arriskutsuak dira ibaiko bizidunentzat; izokinek, adibidez, 6 mg/l-tik gorako oxigeno-kontzentrazioak behar dituzte, eta amuarrainek 4 mg/l-tik gorakoak. Horrek guztiak kalte egin diezaioke, beraz, ibaiari.

Metabolismoa ikertzeak, ordea, badu zailtasunik. Metodologiak oxigeno-kontzentrazioa eta tenperatura denboran zehar neurtzea eskatzen du, eta, beraz, automatizazioa beharrezkoa da. EAEn, Gipuzkoako eta Bizkaiko ibaietan, oxigenoa eta tenperatura 10 minututik behin neurtzen dituzten 21 estazio hidrometeorologiko dituzte Foru Aldundiek. Azpiegitura horren bidez lortutako datuak erabiltzeko aukera ikusirik ekin zion EHUko Ibaien Ekologia Laborategiak metabolismoaren inguruko proiektu horri. Oxigenoaren datuak landuz, ekoizpen primarioa eta arnasketa-tasak kalkulatzeaz gain, algen laginketak ere egin dira, haien biomasa eta komunitatearen konposizioa aztertzeko asmoz. Hala, metabolismoak eta ekoizle primarioek ibaien ezaugarriekin duten erlazioa aztertu, eta ibaien funtzionamendua denbora errealean aztertzeko tresna berri bat sortu nahi da. Isurketa bat gertatzen den une berean ekosistemak nola erantzuten duen neurtzeko balioko luke horrek, besteak beste.

Deskonposizioa neurtzeko erabiltzen diren orbel-poltsak. Ibai-hondoetan ezartzen diren sarezko poltsa hauek, orbel-masa jakin batekin beteta.
A. Elosegi

Adibidez, 2003ko uda oso beroa eta lehorra izan denez, ekoizpen primarioa oso altua izan da, eta alga-kantitate izugarriak garatu dira estazio eutrofikoenetan. Ondorioz, oxigeno kontzentrazioek egunean zehar gorabehera handiak jasan dituzte. Estazio garbienen kasuan, oxigeno, kontzentrazioak altu mantendu dira, ibaiaren osasun onaren seinale; halaber, badira poluzio handia dela eta oxigeno-kontzentrazio oso txikiak dituzten estazioak ere.

Deskonposaketari eta metabolismoari buruz ez ezik, beste hainbat funtziori buruz mundu osoan egiten ari diren ikerketen bidez, funtzioak aztertzeko tresna egokiak garatzea espero da. Tresna horiek administrazioen eta ur-kudeatzaileen esku izango dira hemendik urte batzuetara, eta ibaien osasunaren azterketa sakonagoak egin ahal izango dira. Ea Uren Arteztarau berriaren helburuak lortzen ditugun, eta, tresna berri hauek erabiliz, gure ondorengoek ibai osasuntsuagoak dituzten.

Urumea ibaian (Ereñozu, ezkerraldean), uren kalitatea oso ona da; 2003ko udan algak oso urriak ziren, eta oxigenoa kontzentrazio altuetan mantendu zen. Oria ibaiak, berriz, (Alegia, eskuinaldean), mantenugai-kantitate handiak jasotzen ditu. Uda hartan algen ekoizpena izugarria izan zen, eta oxigenoak egunez balio oso altuak zituen arren, gauez minimoetaraino jaisten zen. (Argazkiak: O. Izagirre eta A. elosegi).

Europako Uren Arteztarau berrian proposatzen diren egoera ekologikoaren adierazleak

  • Adierazle biologikoak:
    • Uretako floraren konposaketa eta ugaritasuna
    • Uretako ornogabeen konposaketa eta ugaritasuna
    • Arrainen konposaketa, ugaritasuna eta adin-banaketa
  • Adierazle biologikoetan eragina duten adierazle hidromorfologikoak:
    • Erregimen hidrologikoa
      • Emariak edo ur-fluxuaren hidrodinamika
      • Lur azpiko ur-masekiko loturak
    • Ibaiaren jarraitasuna
    • Ezaugarri morfologikoak
      • Ibaiaren sakonera eta zabalera
      • Ibai-hondoko substratuaren egitura eta konposizioa
      • Ibarren egitura
  • Adierazle biologikoetan eragina duten adierazle fisiko-kimikoak:
    • Orokorrak
      • Tenperatura
      • Oxigenoa
      • Gazitasuna
      • Azidotzea
      • Mantenugaiak
    • Poluitzaile espezifikoak
      • Uretara isuri diren lehentasunezko poluitzaile guztiek eragindako poluzioa.
      • Uretara kantitate esangarrietan isuri diren substantzia guztiek eragindako poluzioa.

Ibaien osasunaren azterketa Euskal Herrian


Euskal Herrian, uren poluzio-arazoez jabetuta, 70. hamarkadaren bukaeran hasi zen administrazioa uren karakterizazioari eta ur-baliagaiei buruzko azterlanak egiten. Dena den, ikerketa haiek poluzio-arazo jakin batzuen aurrean garatu zirenez, ikuspegi murritza zuten. Ikuspegi zabalagoko lehen lana EAEko ibaietako uren karakterizazio fisiko-kimikoa izan zen, 1984an. 1985ean hasi zen ezaugarri fisiko-kimikoez gain ezaugarri biologikoak kontuan izan zituen lehen ikerketa zabala, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Ikerketa hartan makrofitoen, ibaiertzeko basoko landarediaren, ornogabeen eta arrainen dibertsitatea, ugaritasuna eta nagusitasuna aztertu ziren. Bestalde, ornogabeen hainbat indize biotiko ere aplikatu ziren. 1989an ikerketa hura EAE osora zabaltzeko asmoz, beste ikerketa bat eskatu zuen Ingurumen Sailburuordetzak, Araban eta Gipuzkoan (Eusko Jaurlaritza, 1992).

Azken urteetan, EAEko ibaietako 82 puntutan, analisi fisiko-kimiko, biologiko eta morfologikoak egiten dira. Hasieran analisi biologikoen artean ornogabe bentikoen indize biotikoak eta arrainen zentsuak soilik egiten ziren. Orain, ordea, algak ere aztertzen dira. Hidromorfologiari dagokionez, ibar-basoen egitura aztertzen da. Zenbait estaziotan, gainera, 10 minututik behin hainbat parametro fisiko-kimiko automatikoki neurtzen dira (emaria, tenperatura, oxigeno disolbatua, pHa, amonioak…).

Gure ibaiak Europako Uren Arteztarauak eskatzen duen kalitatetik oso urrun daude oraindik, arazo fisiko-kimikoez eta komunitateen arazoez gain, ibaiertzaren egitura oso kaskarra baita. Kanalizazioak ugariak dira, ibai asko eta asko dira bi paretaren artean mugatuta doazenak. Ibar-basoak oso urriak dira, eta daudenak egitura aldetik txiroak dira. Horrek eragin handia du ibaien ekosistemen osasunean.



BIBLIOGRAFIA

  • EUROPAKO PARLAMENTUA
    Europako Parlamentuaren eta 2000ko urriaren 3ko kontseiluaren 2000/60/CE Ur Arteztaraua. (kontsulta-data: 2003ko urriaren 20a). 2000. http://europa.eu.int/eurlex/pri/es/oj/dat/2000/l_327/l_32720001 222es00010072.pdf .
  • Boulton, A.J.
    “An overview of river health assessment: philosophies, practice, problems and prognosis” Freshwater Biology, 41: 469-479. 1999.
  • Gessner, M.O. Chauvet, E.
    “A case for litter breakdown to asses functional stream integrity” Ecological Applications , 12(2): 498-510. 2002.
  • Uehlinger, U., König, C. Reichert, P.
    “Variability of photosynthesis-irradiance curves and ecosystem respiration in a small river” Freshwater Biology , 44:493-507. 2002.
  • Rallo, A.
    Caracterización hidrobiológica de la red fluvial de Álava y Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritza, 1992.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia