Materiaren eta antimateriaren arteko simetria berretsi dute

2020/02/19 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. CERN

Teorian aurreikusita zegoen antihidrogenoaren propietate fisiko bat doitasun handiz neurtzea lortu dute CERNeko zientzialariek, eta ikusi dute propietate hori ohiko hidrogenoaren parekoa dela. Horrek materiaren eta antimateriaren arteko simetriak agerian utzi ditu, zientzialarien esanetan. ALPHA esperimentuko ikertzaileek Nature aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Zehazki, antihidrogeno atomo batean dauden bi energia-mailaren arteko aldea neurtu dute; elektrodinamika kuantikoan Lamb efektu gisa ezagutzen da fenomenoa. Hidrogenoan atzeman daitekeen alde hori antihidrogenoan ere dagoela frogatu dute.

Zientzialariak aspalditik saiatzen ari dira materia arruntaren eta antimateriaren arteko aldeak aurkitzen, bide horrek gaur egungo fisikaren misterio handienetako bati erantzun bat emango dion esperantzan. Izan ere, eredu teorikoek aurreikusten dute Bing Bangean materia eta antimateria batera sortu zirela, antzeko kopuruetan, baina gaur egun unibertsoan materia arrunta antimateria baino askoz ugariagoa da. Kopuru handiei erreparatuta bi materia-mota horien arteko asimetria hain nabarmena izanik, alde hori azaldu nahian partikula subatomikoen mundura jo izan dutenean, orain arte ikertzaileek simetriak besterik ez dituzte aurkitu.

Hala, 2016ko urtarrilean frogatu zuten antihidrogenoak karga neutroa duela, hidrogenoaren antzera. Urte bereko abenduan antihidrogeno atomo baten espektroa lortu zutenean ere egiaztatu ahal izan zuten hidrogenoaren espektro berdina duela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia