}

Marte, ura eta NASA

2002/12/09 Elhuyar Zientzia

Martek, urak eta NASAk banandu ezin den hirukotea osatzen dute azken urteetan. Behin baino gehiagotan iragarri du NASAk Marten ura aurkitu duela, beste behin joan den astean.

Science aldizkariaren web gunean esan dutenez, Marteko hego-poloan orain arte detektatu gabeko izotza atzeman dute. Mars Odissey ontziak otsailean egindako argazki batean lur-zati batek atentzioa eman zien NASAko ikertzaileei eta, ontziaren kamera infragorriarekin zehatzago aztertu ondoren, eremu horrek ingurukoak baino bero gehiago xurgatu eta igortzen duela ikusi dute. Horren arabera, oso posible da hor izoztutako ura egotea. Argazkian, gezi gorriarekin markatuta dago eremua (zati zuri oso ahul hori da).

Zuriz ikusten den beste eremu guztia ez da izoztutako ura, izoztutako karbono dioxidoa baizik, Marteko poloetako osagai nagusia. Zientzialari batzuen ustez, udan, urtzen denean, bistan uzten du azpian dagoen ur izoztua. Argazki honetan oso eremu txikian ikusten da ura, baina, zientzialari horien arabera, oso posible da izoztutako karbono dioxidoaren azpian ura duten eremu handiagoak egotea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia