Malaria irabazle Tesien Sarian
2004/07/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Amaitu da dagoeneko Basque Research atariak antolatutako Tesien Saria. Guztira 40 lan aurkeztu dira sarietara aurten, eta, horien artean, epaimahaiak Angel Montero Carcabosoren lana hautatu du aho batez. Lan hori izan da, epaimahaiaren ustean, dibulgazio-lanik onena.
Patarroyoren txertoa hobetzeko ikerketa
Angel Monterok malariaren aurka Manuel Patarroyo ikertzaile kolonbiarrak garatutako txerto bat aztertu du. Txerto hori 90eko hamarkadan garatu zen, baina saio klinikoetako emaitzak ez ziren uste bezain onak izan. Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeak atzera bota zuen txertoari emandako babesa.
Ikertzaile kolonbiarrak, orduan, txertoa hobetzeko ahaleginetan, Euskal Herriko Unibertsitatera jo zuen. Han, txertoa administratzeko erabiltzen den substantzia garraiatzailea ikerketu du Angel Monterok. Hain zuzen ere, substantzia garraiatzaile hori ordezkatuta txertoaren eragina handitzen dela ikusi du. Gainera, txertoa arnasteko nahiz azalaren azpian jartzeko bideak ikertu ditu, eta administrazio-modu berri horiek txertoaren eraginkortasuna aldatzen duten ala ez aztertu du animaliekin.
Malariaren aurkako txerto ezagunenetakoa hobetzeko ondorio esanguratsuak lortu ditu, beraz, Angel Monterok.
Pintura ekologikoak
Erabiltzaileen Saria, aldiz, Pedro Ilundain Aranburu kimikariak eskuratu du. Kasu honetan, pintura akriliko eta biniliko ekologikoak garatzeko doktoretza-tesi bat saritu dute irakurleek.
Pedro Ilundainek pintura batzuen konposatu kaltegarriak murriztea izan du helburutzat tesian. Hori dela eta, pinturak ekoizteko erabiltzen diren erreakzioak aztertu ditu; hain zuzen ere, konposatu kaltegarriak gutxitzeko egiten den postpolimerizazioa ikertu du.
Erreakzio horretarako hainbat hobekuntza proposatzen ditu; batetik, erreakzioa abiarazteko sistema optimizatu du, eta, bestetik, konposatu kaltegarriak neurtzeko eredu matematiko bat garatu du. Ikerketak, beraz, aplikazio zuzena du industrian, izan ere, pintura ekologikoagoak ekoizteko modua aurkezten da.
Amaitzeko, epaimahaiak lan guztien dibulgazio-ahalegina nabarmendu du, eta Basque Research-en bidez egindako zabalpen-lana estimatu. Irabazleen eta gainerako parte-hartzaileen lanak www.basqueresearch.com atarian izango dira ikusgai uztailaren 1 arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia