}

Lurraren adina

1989/09/01 Irusta, Lourdes Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun geologoek, denbora milaka edo milioika urtetan neurtzen dute eta horrek ez digu inongo harridurarik sortzen.

Dena den, orain dela hiru mende bakarrik, geologoek biblian azaltzen diren adierazpenak kontutan edukiz Lurra Kristo aurreko 4.000 urtean sortu zela pentsatzen zuten.

Hasierako ikerketak

Buffon.

Buffon izan zen XVIII. mendean Lurraren adina zientifikoki aztertu zuen lehen pertsona.

Lurraren adina kalkulatzeko, gure planeta hozten ari den fusio-masa dela suposatu zuen eta hozte-abiadura egokia aukeratuz, Lurraren adina kalkulatu ahal izan zuen. Horregatik, Lurrak 75.000 urte zituela adierazi zuen.

Buffon-en lana sinplea da, baina Genesitik lor daitekeen Lurraren adina zalantzan jarri zuen lehen ikerketa izan zen.

Hura iraultza ikaragarria izan zen orduko gizartean eta eztabaida ugari sortu ere egin zuen. Arazo hau argitu nahian, John Philips-ek beste mota bateko ikerketa egin zuen XIX. mendean. Bere ustez, estratu bakoitzaren lodiera neurtzea litzateke denbora geologikoa neurtzeko biderik aproposena.

Estratu bakoitzaren lodiera neurtuz eta sedimentazio-tasaren batezbestekoa jakinik, Lurraren adina kalkula zezakeen.

Sedimentazio-tasaren denborarekiko aldaketa ezin zuen ezagutu eta, beraz, kalkuluak egiteko sedimentazio-tasa konstantea izan dela onartzera beharturik aurkitu zen, nahiz eta berak hipotesi hau dudan jarri.

Kalkuluak eginez, Lurrazalaren adina 96 milioi urtekoa zela adierazi zuen.

Beste zientzilari batzuek ere arazo berbera landu zuten XIX. mendearen bukaeran.

Hauetariko bat John Joly dugu.

John Joly-k zioenez, Lurraren adina itsasoek duten sodio-kantitatearen bidez jakin daiteke. Hasieran itsasoak ez zuen gatzik eta ibaiak izan dira gatza pixkanaka-pixkanaka itsasora eraman dutenak. Prozesu hori abiadura uniformez gertatu zela suposatu zuen.

Kalkuluak egin zituen eta Lurraren adina 90 eta 99 milioi urte bitartekoa zela aurrikusi zuen.

Lord Kelvin zientzilaria ere emaitza horretaraxe iritsi zen XIX. mendean.

Lord Kelvin-ek, Buffon-en ideia abiapuntu bezala erabiliz kalkulatu zuen Lurraren adina. Kelvin-en ustez, Lurraren adina gure planetaren barne-tenperaturaren azterketaz lor daiteke. Lurra hasieran fusio-masa bat zen. Urtutako harriak hoztean, bolumen-kontrakzioa jasaten dute.

Lurrazalean zeuden harriak beraz, hoztu egin ziren eta bolumen-kontrakzioa dela eta beraien dentsitatea handiagotu egin zen, hondora joan zirelarik.

Fenomeno hau dela eta, konbekzio-korronte batzuk sortu ziren planeta guztiz solidifikatu zen arte.

Kalkulu aproposak eginez, Lurraren adina 98 milioi urtekoa zela adierazi zuen.

Dena den, Kelvin-ek bere legea aldatu egin zuen eta XIX. mendearen bukaeran, Lurraren adina 24 milioi urtekoa zela zioen.

Ikerketa erradioaktiboak

Zein da Lurraren adina?

Henry Becquerel-en erradioaktibitateari buruzko lanak 1896. urtean kaleratu baziren ere, ez zen 1903. urtera arte (hau da, Pierre Curie-k radio-gatzek bero iraunkorra igortzen zutela ikertu arte) kontutan hartu erradioaktibitateak geologi azterketetan izan zezakeen garrantzia.

Elementu erradioaktibo batek deskonposatzeko behar duen denbora zehatza da eta ez du baldintza fisiko-kimikoekin zerikusirik. Hori dela eta, unibertsoan elementu erradioaktiboen kantitate bat sortzen denean, elementu hori deskonposatzen hasten da.

Deskonposatzean, elementu berriak agertzen dira.

Sortutako elementu-kopurua neurtuz eta hasierako elementuen desintegrazio-abiadura jakinik, jatorrizko elementuak noiz sortu ziren kalkula dezakegu.

Elementu erradioaktiboen desintegrazio-abiadura adierazteko, semidesintegrazio-periodoa erabiltzen da. Semidesintegrazio-periodoa, materialak hasieran zeuden atomoen erdiak desintegratzeko behar duen denbora da. Honela, 14C (14 a.m.u.ko masa atomikoa duen karbonoaren isotopoa), nitrogeno bihurtzen da bere semidesintegrazio-periodoa 5.570 urtekoa delarik. Semidesintegrazio-periodo hau, oso txikia da eskala geologikoarekin konparatuz. Beraz, azkeneko 50.000 urteak ikertzeko bakarrik balio du. Bestalde, 87Rb estrontzio bihurtzen da bere semidesintegrazio-periodoa 47.000 milioi urtekoa delarik. Rubidioa beraz, elementu aproposa da harrien adina finkatu ahal izateko.

Beste elementu aproposak, uranioa, torioa eta potasioa dira.

Arthur Holmes geologoa izan zen metodo erradioaktiboen bidez Lurraren adina ezagutzen saiatu zen lehena.

Uranioa eta torioa berun bihurtzen direla jakinik, Holmes-ek harrien torio eta uranio-kantitateak eta deskonposatzean sortzen den berun-kantitatea aztertu zituen. Elementu hauen semidesintegrazio-periodoa kontutan edukiz, Lurrarentzat 1.600 milioi urteko adina proposatu zuen.

Metodo erradioaktiboak hobetu zirenean, Holmes-ek Lurraren adina 4.500 milioi urtekoa zela adierazi zuen.

Metodo erradioaktiboak duen akatsetako bat, elementu aproposak dituzten harriekin bakarrik erabili ahal izatea da.

Dena den, errorea deuseztea posible egiten duten metodoak badaude.

Gaur egun, geologoek Lurrarentzat 4.700 milioi urteko adina proposatzen dute.

Meteoritoen eta Ilargiaren adina 4.700 milioi urtekoa denez, Eguzki-sistemaren adina 4.700 milioi urtekoa dela pentsatzen da.

Esan beharra dago, lurrazalean aurkitu diren harri zaharrenek 3.800 milioi urteko adina dutela; Ilargi eta meteoritoen adina baino 900 milioi urte gutxiago.

Honen arrazoia, zientzilariek diotenez, lurrazalean gertatu zen meteoritoen bonbaketa latza da. Honen ondorioz, lurrazalean berotasun handia sortu zen eta honek materiaen izaeran aldaketa izugarria eragin zuen.

Arrazoi honegatik, Lurra une horretan sortu balitz bezala agertzen da bere adina finkatzeko metodo erradioaktiboak erabiltzen direnean.

Lurraren adina zehazki jakiteko eztabaidak, nahikoa fidagarria den denbora-eskala sortu du.

Denbora-eskala hau lortzeko, arlo askotako zientzilarien ikerkuntzak beharrezkoak izan dira. Lehen geologoak, arazoaren larritasunaz jabetu ziren, baina Lurreko harrien adina jakiteko biderik ez zuten. Orain, garai hura oroipen bat besterik ez da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia