}

Lur azpiko urak egoera larrian egongo dira 2050rako

2019/10/02 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

lur-azpiko-urak-egoera-larrira-iritsiko-dira-2050r
Nekazal lurrak ureztatzea eta kontsumo urbanoa dira lur azpiko uren galera handiena eragiten duten aktibitateak. Arg. Pixabay

Nature aldizkariak argitaratu duen ikerketa baten arabera, lur azpiko uren egoera kritikoa da jada, eta 2050erako larria izan daiteke. Gizakiok lur azpitik erauzten dugun ur-kantitatea hain handia denez, askotan ez da berreskuratzen akuiferoen ur-maila euriak eta errekek egindako birkargaz. Ondorioz, murriztu edo eten egiten da akuiferoetatik hezegunetara eta beste ekosistema urtarretara egiten den ur-ekarpena; batzuetan, baita uraren fluxua alderantzizko noranzkoan gertatzeraino. Adituen ustez, horrek kolokan jartzen ari da ekosistema urtar askoren osasuna. Garrantzitsua da, hortaz, kalte horren muga non dagoen argitzea.

Datuak hartzeko garaian, kontuan hartu dute zer akuifero ez den izan gai ekosistema urtarrak egoera osasuntsuan mantentzeko hiru hilabetetan zehar eta, gutxienez, bi urtez jarraian. Datuek erakutsi dute jada arro hidrografikoen % 20k gainditu duela muga hori; batez ere munduko eremurik lehorrenetan, hain zuzen lur azpiko uren menpekotasun handiena duten tokietan. 1960tik honako datuez garatu duten eredu matematikoak argi utzi du 2050erako lur azpiko uren ekarpena duten arro hidrografikoen % 42-79 egongo dela egoera txarrean. Ikertzaileen ustez, gainera, akaso estimazio baikorregiak dira, ez baitute kontuan hartu populazioaren hazkudeak eta garapen-bidean dauden ekonomiek eragin dezaketen ur-eskaeraren igoerarik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia