}

Luis Peña Gantxegi: arkitekturaren maisua

2002/11/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gasteizko Foruen Enparantza, Donostiako Haizearen Orraziaren plaza, Trinitate Plaza, Oreretako udaletxea, Donostiako Amara Plaza hotela, Zarauzko Vista Alegre dorrea, Mutrikuko Imanolena etxea… Luis Peña Gantxegik egindako lanen zerrendak ez du amaierarik. Batzuk gustukoak izan daitezke, beste batzuk ez hainbeste, baina dudarik ez dago Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzaileak arrastoa utziko duela.

Zergatik arkitekto?

B. Kotabarria

Arrazoi bat baino gehiago dago horretarako. Lehenik, etxeko giroa kontuan hartzekoa da, ni arkitekto izatea ondo ikusten zuten eta. Oñatin bertan ere arkitekto bat bizi zen, eta hori oso bitxia zen, orduan arkitektoak hirietan bizi zirelako. Hura gertu izateak, ezagutzeak ere lagunduko zuen seguruenik erabakia hartzen. Oñatiko elizaren, unibertsitatearen eta plazaren edertasunak, haurtzaroan Markinan egin nuen denborak –San Miguel Arretxinagakoa, Munibe parkea eta Xemeingo eliza neogotikoa ezagutzeko aukera–, eta Mutriku dotorean –gurasoak hangoak nituen– emandako urteek ere… badirudi guztiak nolabait arkitektura ikastera bideratu ninduela. Toki horiek guztiak ikaragarri atsegin nituen.

Geroago, Donostian batxilergoko ikasketak bukatuta errebalida egitera joan behar izan nuen Valladolid-era. Trena Burgosen geratu zen, eta lagun bat eta biok katedrala ikustera joan ginen. Trenera itzulita, paisaia hark ikusteak gogaitu egin ninduen, atzera eragin zidan, Madrilera lehen aldiz joan nintzenean bezala. Donostiaren ondoan itsusi-itsusia iruditu zitzaidan. Horrek guztiak arkitektura ikasteko bidean jarri ninduen seguruenik.

Madrilen arkitektura ikasi eta gero, berehala hasi zinen lanean?

Bai, hemen Donostian. Udaletxean ere aritu nintzen, ia bi urtez, baina ez zitzaidan batere gustatu eta utzi egin nuen. Lan itsusia zen, desatsegina eta interesik gabekoa.

Bai?

Beno, gaizki egindako proiektu asko aurkezten ziren, txarrak arkitekturaren ikuspegitik, jabetze- eta ordenantza-arazo ugarirekin… ez zen arkitekto-lana egitea, kontrol-lana baizik; baimenak ematea eta kentzea.

EHUren katedratiko emeritua zara gaur egun. Eskolak ematen ere aritu izan zara, zer moduz?

Zarauzko Vista Alegre etxea, Peña Gantxegiren ustez "porrot soziala".
A. Galarraga

Egia esan, ez zait gehiegi gustatzen, bokaziorik ez daukat. Kontua da Bartzelonan irakasle nengoela, eskolak ematen, eta hona ekarri nahi genituen arkitektura-ikasketak. Donostiako Arkitektura Eskolaren sortzailea izan nintzenez, gerora lanean jarraitu izan dut, batez ere irakasle egokiak ekarri ahal izateko eta abar.

Artea, matematika, gustu ona, eraikuntza, irudimena, diseinua… zer da arkitektura?

Beno, bada eztabaida hori ez dugu konponduko ez zuk, ez nik ez eta beste inork ere. Arkitektura artearen barruan sartzen bada, arkitekturak ezin du zerikusirik izan matematikarekin eta eraikuntzarekin; bizitza propioa duen zerbait da. Baina hori ez da horrela, arkitekturak behar-beharrezkoa baitu gauzatzea. Gauzatzen ez bada, hor daude alegiazko proiektu bikainak. Txillidaren Tindayako proiektua adibide ona izan daiteke. Han mendia hustea planteatzen da, baina gero beste kontu bat da horrek zutik iraungo duen, ingeniariek kalkuluak egingo dituzten edo ez, edo arkitektoren batek behin betiko forma eman ahal izango dion. Eskultura baino gehiago arkitektura da hori, eta hor ikusten dugu diziplinak nahastuta agertzen zaizkigula.

Txillida artista da, baina proiektu horretan arkitekto ere izan nahi du; Oteiza ere bide horietatik ibili izan da. Eta batzuetan artista horiek ez dira asetzen beren lanarekin, eraikuntzak edo matematikak apur bat lanen forma aldarazten dutelako. Arkitekturak artearekin zerikusi handia du, baina gizartearekin nolabaiteko konpromisoa duen artearekin.

Hari horretatik tiraka, gaur egungo arkitekturak erantzuten die gizartearen beharrei? Hau da, beste modu batera galdetuta, gaur egun, badirudi, arkitekturak funtzio estetikoa baino ez duela betetzen. Atentzioa emateaz gain, beste zerbait bilatzen al da?

Horrelako kritikak sarritan entzuten dira, arkitektoak gizartea ahaztu egin dutela eta eurentzako gauzak egiten saiatzen direla, egiten dutena hurbilago dagoela artetik gizarteari eskaini behar zaion zerbitzutik baino. Neurri batean egia da hori, arkitektura espazioaren artetzat dute gaur egungo arkitekto askok. Gertatzen dena zera da: oso zaila dela ondo egindako eraikinak, praktikoak… eta, aldi berean, artistikoak izatea. Izan ere, formazio ona edukitzeak asko laguntzen du, baina eraikuntza menperatzea edo egituretan berrikuntzak irudikatzea zaila da.

Une honetan eraikuntzan aurrera egiten ari da. Material berriak dauzkagu, eta erabili egin behar ditugu, material horiek gaur egungo industriak eskaintzen dituelako, baina irizpide garbiekin: ez edozein material, ez edozein material edozein tokitan… baina erabili behar dira industriak aurrera egin dezan.

Haizearen Orraziko plaza, arkitekto oñatiarraren lan ezagunetakoa.
P. Reina

Material eta teknika berriek, aukera berriak eskaintzen dituzte?

Bai, aukerak eskaintzen dituzte eta emaitzak ematen ari dira. Dena den, badaude teknikak –ikuspegi artistikotik– modu ezegokian erabiltzen dituztenak ere. Donostiako zezen-plaza, adibidez, teknikoki lan bikaina da, baina beste alderdi batzuk zalantzan jar daitezke.

Ingurua aipatu duzunez. Arkitektoek beti hartu behar dute kontuan?

Oinarrizkoa da hori. Egon diren arkitekto onenentzat –Gaudi, Frank Lloyd Wright, Le Corbusier, eta Ludwig Mies van der Rohe– ezinbestekoa izan da. Gaudik duen naturaren ikuspegia izan ez balu ezingo zukeen, adibidez, Güell parkea egin; edo Frank Lloyd Wright-ek hori kontuan hartu ez bazuen, nekez egingo zuen ur-jauziaren etxea. Begira, bere aita –pret à porter-aren asmatzailea– aberats-aberats horietakoa zen, eta semeari eman zion etxea egiteko enkargua. Kilometro karratu ugariko lur-sailak zituen eta Frank Lloyd Wright-ek tokirik zailena aukeratu zuen, natura gutxien hondatzen zuena eta, aldi berean, naturak berak janzten zuen etxea. Berdin esan daiteke Le Corbusierri buruz ere, nahiz eta itxuraz serioagoa dirudien. Eta zer esan Ludwig Mies van der Roheren kristalezko etxe ospetsuei buruz, paisaian sartu eta ateratzen diren eraikinak.

Orain, zu zeu, zein lanetan ari zara?

Esku artean notario batentzako txaletaren proiektua daukat. Proiektu itzela da, aurrekontu handikoa, baina ez dut aurkitu nork eraiki. Jendeak ez du horrelako lanik nahi, pisuak egin nahi ditu, 500-600 etxebizitza, txalet adosatuak –asko badira, hobe– eta abar. Santanderren dudan lagun arkitekto batekin harremanetan jarri naiz, ea han eraikitzailerik aurkitzen dugun, han hemen baino txalet gehiago egiten da eta.

Mutrikuko "Imanolena" txaleta, Peña Gantxegik oraindik oso gustuko duen etxebizitza.
L. Arrizabalaga

Zeuk egin dituzun lanetatik, zein nabarmenduko zenuke?

Oraindik asko atsegin dut Mutrikuko Imanolena etxea, nahiz eta barrutik hondatuta dagoen. Bestalde, badut frustrazio bat, porrot soziala izan zelako. Gaizki bukatu zen, gerora aldatu egin zuten, pisu bat zegoen tokian egun hiru daude… Zarauzko Vista Alegre dorrea, liburuxka honetan duzun hau.

Liburuxkan ikusi dut Donostiako Haizearen Orrazia zurea ere badela. Jende gehienak uste du Eduardo Txillidarena dela.

Eskulturak, noski, ez dira nireak. Gainerakoan badago bai, nire parte handi bat, hasiera-hasieratik gainera; baina Eduardorekin elkarlanean egindako lana da, eta ez du merezi eztabaidatzen hastea zenbateraino den batena eta zenbateraino bestearena.

Plaza horretan nabaria da inguruarekin lortu den integrazioa. Plazaren formaren eragina baino gehiago, baliteke materialaren aukeraketaren ondorioa izatea. Materialak hainbesteko garrantzia dauka sentsazio hori emateko?

Bai, garrantzitsua da. Zimurrak, kolorea… elementu horiek oso pentsatuta daude. Begi bistan dirudiena baino konplexuagoa da kontua, nahiz eta erraza dirudien. Adibidez, mendi-magalarekiko integrazioa. Ura biltzeko sistema asmatu, harria mendi-magal irregularrarekin bildu –errekarriak erabilita– eta, aldi berean, mendia plaza azpira sartu eta uharteraino doan sentsazioa nola transmititu pentsatu behar izan genuen. Gauza horiek guztiak ondo egiten badira igarri egiten da, eta gaizki egiten badira are eta gehiago nabaritzen da. Guztiak balio du, poliki-poliki batzen dira gauzak eta gero emaitza ikusten dela esan nahi dut.

Peña Gantxegiren ibilbidea

Luis Peña Gantxegi (Oñati, 1926-03-29). Ikasketak zirela eta haurtzaroa Oñati, Markina eta Mutriku artean igaro zuen. Donostian batxilergoa bukatu ostean, Madrilen arkitektura ikasi zuen. 1959an bukatu zituen ikasketak, eta berehala lanean hasi zen Donostian. 1976an Bartzelonako arkitektura-eskolan zegoen eta urte bat geroago, 1977an, Donostiako Arkitektura Eskola sortu eta gidatu zuen. 1988an unibertsitateko katedra eskuratu eta 1991tik irakasle emeritua da. Euskal Herrian nahitaez zein toki bisitatu beharko liratekeen galdetzean dudarik ez du egin: hiriburuak, “ondo egin zena eta —batez ere kanpoaldeko auzoetan— gaizki egiten ari dena ikusteko”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia