Lore-hazkuntzaren arantzak
2002/04/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Kenyan, esate baterako, jarduera horrekin 1972 arte hasi ez baziren ere, orain loreek eta barazkiek esportaziorako produktu tipikoekin (tea, kafea eta turismoa) lehiatzen dute. Gainera, langile gehienak emakumezkoak dira, eta irabazien zati handiena seme alaben osasunera eta hezkuntzara bideratzen dutenez, lore-hazkuntzatik datorren diruak garrantzi handia du gizartearen garapenean.
Alabaina, ingurumenari eta giza etikari dagokienez, jarduera horrek baditu hain onuragarriak ez diren alderdiak. Izan ere, loreak herrialde garatuetan saltzen dira, eta merkatu horretan ez dira onartzen itxura perfektua ez duten loreak. Hortaz, izurri-mota guztien aurkako pestizidak erabiltzen dira, batez ere bromometanoa.
Bestalde, duela gutxi arte, lore-hazkuntzako pestizidei buruzko arauak ez ziren nekazaritzan ezartzen direnak bezain zorrotzak. Hori dela eta, urtetan bromometanoa neurriz kanpo erabili da, eta kalteak eragin ditu bai ingurumenean bai inguruan bizi direnengan ere. Adibidez, Kenyaren erdialdean dagoen Nyeri eskualdean, bromometanoak ur gezako biltegi bat, Naivasha lakua, arriskuan jarri du eta, besteak beste, hango hipopotamoetan ikusi dira pestizida horrek sortutako kalteak.
Gainera, bromometanoak ozono-geruza kaltetzen duela eta, gero eta gutxiago erabiltzeko hitzarmena dago nazioartean. Garatzeko bidean dauden herrialdeek 2015era bitarteko epea dute hitzarmena betetzeko, hau da, herrialde garatuek baino hamar urte gehiago. Baina bromometanoa ordezkatzea ez da batere erraza, oso eraginkorra baita. Horregatik, FAOk eta Ingurumenerako Nazio Batuen Egitasmoak laguntza-programa bat sortu dute ekoizpen garbia eta izurriteen aurkako borroka uztartzeko.
Kontuan izan behar da, bestetik, Europako eta AEBetako ekoizleek bultzatuta, herrialde horietako gobernuek bromometanoa erabiliz ekoiztutako produktuak inportatzea galaraz dezaketela. Beraz, Kenyako ekoizleak bromometanoa baztertzera behartuta daude. Zalantzarik gabe, biztanleen eta ingurumenaren osasunaren mesedetan izango da, baina ea aldi berean hain diru-iturri garrantzitsua den jarduerari eustea lortzen den.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia