}

Lehen enbrioi klonikoa egitea lortu dute

2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehen enbrioi klonikoa egitea lortu dute
2008/02/01 | Elhuyar
Giza zelula ama enbrionarioen kolonia bat, sagu-enbrioiaren fibroblastoak dituen zelula-kultura batean.
M.W.Lensch/Harvard Unib./Science

Kaliforniako Stemagen konpainiak, pertsona heldu baten azaleko zeluletatik abiatuta, pertsona horren enbrioi klonikoak egitea lortu du. Horretarako, hiru emakumeren obuluak erabili dituzte ikertzaileek. Hain zuzen ere, Dolly ardi ospetsua sortzeko erabili zuten teknika berean oinarritu dira, nukleo-transferentzian.

Hiru emakumeek guztira 29 obulu eman zituzten, eta, obulu haiei nukleoa kendu ondoren, gizonezko baten azaleko zelula baten nukleoa sartu zieten. Ondoren, obuluak kitzikatu zituzten, enbrioiak garatzen has zitezen, eta, azkenean, bost enbrioi blastozisto faseraino iristea lortu dute. Bost haietatik gutxienez bat gizonezkoaren klona dela frogatu dute ikertzaileek.

Ikertzaileek berek onartzen dute egin duten esperimentua aurrerapauso txiki bat baino ez dela zelula amak lortzeko bidean. Teknika aspalditxotik erabiltzen da, eta oraingoan hain emaitza onak izateko, zenbait faktorek egin dute bat. Batetik, oso kalitate oneko obuluak erabili dituzte. Bestetik, zelulak hazteko kulturaren osagaietako bat hialuronidasa proteina da, eta, normalean behiarena izaten bada ere, oraingoan giza hialuronidasa erabili dute. Horiek eta beste xehetasun batzuek arrakasta izaten lagundu dute.

Nolanahi ere, zelula amak lortzeko teknika honek muga bat du: emakumeen obuluak behar dira, eta horiek lortzeko arazo etikoak eta legalak daude. Arazoak arazo, giza klonak sortzeko teknika baliagarria dela frogatu dute, eta, orain, terapian erabiltzeko zelula amak sortzen saiatzeko asmoa dute Kaliforniako ikertzaileek.

1
239
2008
2
004
Bioteknologia; Genetika; Medikuntza; Etika
Berriak labur
5

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia