}

Landareei loreak atera zitzaizkienean...

2002/01/31 Elhuyar Zientzia

Gaur egungo lehorreko landare gehienak loredunak dira, eta lorerik gabeko bere ahaide hurbilenetatik (pinu, altzifre...) aldendu zirenean azaldu ziren duela 150 milioi urte inguru. Orain arte, pauso hori nola eman zen misterioa izan da zientzialarientzat. Alabaina, AEBetako Zientziaren Fundazio Nazionaleko (NSF) biologoen ikerketari esker, eboluzioaren misterio hori argitzetik hurbilago daude.

Landareen hazietan bi zati bereizten dira: landare berria emango duen enbrioia, eta enbrioi hori elikatzeko funtzioa duen endosperma. Landare loredun gehienen endospermak kromosoma bakoitzaren hiru kopia ditu: bi amatik jasoak eta bestea aitaren espermatik. Lorerik gabeko landareen hazien endospermak, aldiz, kromosoma bakoitzeko kopia bakarra du.

Ikertzaileen esanean, gakoa Joseph Williams-en goiko argazki horretan azaltzen den Nuphar polysepalum igebelarrean edo nenufarrean egon daiteke. Nenufarraren fosilekin alderatu dituzte gaur egungoak, eta landare loredunen artean zaharrenetakoa dela ikusi dute. Mikroskopia fluoreszentearen bidez endospermaren ADNa aztertuta, nenufarraren endospermak kromosoma bakoitzeko bi kopia dituela jakin ahal izan dute: bat amatik jasoa da eta bestea aitatik. Ondorioz, badirudi nenufarrak landareen eboluzioaren tarteko pausoa direla.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia