Elhuyar zientziaren komunikazioa

Kreatina, mirarizko negozioa

1999/08/29 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Kirolariek —edo kirolarien inguruan lanean aritzen diren zientzialariek— dagoeneko aurkitu dute mirarizko produktua, legea hautsi barik gorputzaren errendimendua areagotzen laguntzen duena: kreatina. Substantzia hori berezkoa da giharretan eta giharren- uzkurduran parte hartzen du. Eta —kirolean gaur egun dagoen giroa egonda harrigarria bada ere— kreatinaren erabilera ez da doping-tzat hartzen.

Kreatinaren inguruan egin diren azken ikerketek aurrez zeuden usteak berretsi dituzte, kirolariek behar-beharrezko zuten gehigarria da. Hori diote behintzat kreatinaren aldekoek eta horrela saltzen dute. Elikadura-aditu horien ustez kreatina da bilatzen ari ziren mirarizko produktua. Produktu honek, giharren indarra eta abiadura hobetzeaz gain —esteroide anabolizatzaileak ez bezala—, ez du eragin kaltegarririk gorputzean. Urteetan hartzen ibilita ere, kreatinak ez dakarkio kalterik gorputzari. Estatu Batuetako Kirol Medikuntzako Aldizkariak kreatinaren erabilerari buruzko artikulua argitaratu du orain gutxi, kirolariekin egindako entsegu klinikoetan oinarritua. Futbol amerikarreko hainbat jokalariri denbora luzez eta egunero 15 gramo kreatina eman zaie. Ikerketak iraun duen denboran eta gerora egin zaizkien azterketetan ez omen da inolako kalterik antzeman, giharretako karranparen bat edo beste izan ezik.

Kirol-legediaren ikuspuntutik ikusita, kirolarientzat kreatina mauka handia izan daiteke. Jatorria proteinetan duenez, kreatina substantzia animali jatorriko elikagaitzat edo kirol-errendimendua hobetzen duen gehigarritzat hartzen da, aminoazidoekin, bitaminekin eta mineralekin aberastutako elikadura egokien parean.

Nola eragiten du?

Gorputzak berez sortzen du kreatina, gibelean eta giltzurrenetan. Beraz, giharrak berak ez du kreatinarik sortzen. Okel gorrietan eta arrainetan daude kreatinaren elikadura-iturri aberatsenak. Hala eta guztiz ere, kreatinak beroarekiko oso sentikorra da, eta jakiak prestatzean kreatina-kopurua asko gutxitzen da. Gorputzaren metabolismoa arruntean, azido fosforikoarekin bat egitean, kreatinaren fosfatoak sortzen dira. Kirola egitean —batez ere korrika-saio laburretan— azken aldera abiadura galtzen da. Izan ere, kreatina-fosfatoen erreserbak eta ATP-a (adenosintrifosfatoa) dira energia-iturri nagusiak potentzia handia behar den kiroletan. Bi substantzia horiek agortzen hasten direnean, giharren uzkurtzeko gaitasuna huts egiten hasten da. Kreatinaren erabilera kirolarien artean areagotzen hasi da giharrean bildu egiten delako eta intentsitate altuko kirolak egitean kreatina fosfatoen agortzea atzeratzen duelako. Kreatina erabiltzen hastean karg-fasea eguneroko fasetik bereizten da. Karga-faseak bost eguneko iraupena du eta —batez beste— fase honetan egun bakoitzeko 20 gramo kreatina hartzen dira. Hortik aurrera, entrenamenduak bukatu eta gero nahikoa ei da egunero bost gramoko dosia hartzea; mantenimendu-fasea da hau.

Kreatinaren erabileraren abantailetariko batzuk aipatu dira lehenxeago, baina beste batzuk ere ba omen dira. CreatinePure izeneko produktuaren saltzaileek honako abantaila hauek jartzen dizkiote kreatinari Internet-eko beren web orrian (http://ink.yahoo.com/bin/query_es?p=creatin):

  • Gero eta erresistentzia handiagoa.
  • Lan osoaren potentzial gero eta handiagoa.
  • Giharren abiadura gero eta handiagoa.
  • Gihar handiagoak.
  • Bat-bateko energia handiagoa, giharren neke-sentsazio txikiagoa, giharren garapen azkarra, eta giharrak uzkurtzeko gaitasun handiagoa.

Adibide bat jartzeagatik —bat-bateko ahalegin handia behar duen kirola— pisu-jasotzaileena aipatzen dute. Kreatina hartzen duten pisu-jasotzaileek entrenamendu luzeagoak egiten ei dituzte, pisu handiagoak erabiltzen ei dituzte entrenamenduetan, eta gihar handiagoak izaten ei dituzte.

Baina, ez da doping-a?

Kreatinaren abantailak hain nabarmenak izanik, eztabaida ere eragin du, jakina. Batzuentzat —Italiako futbol-taldeko medikuarentzat adibidez— kreatina elikaduraren gehigarria besterik ez den moduan, beste batzuentzat —Napoli futbol-taldeko entrenatzailearentzat, adibidez— kreatina eta aminoazidoak debekatu egin beharko lirateke.

Euskal Herrian ere bada gaiari heldu dionik, eta sakon gainera. Iñigo Mujika iruñearrak —Hezkuntza Fisikoan lizentziatua, eta Ariketa Muskularren Biologian doktorea Frantziako Saint Etienneko Unibertsitatean— duela gutxi Ahozko kreatinaren gehigarria oso entrenatuta dauden kirolarien errendimendurako laguntza ergogeniko gisa izeneko doktorego-tesia aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologiako Fakultateko Fisiologia Departamentuan. Iruñearrak egin duen tesia lerro hauetara ekartzea interesgarria izan zitekeen, baina –toki-arazoak direla medio-, ondorioei soilik erreparatu beharko zaie. Ildo berean, Iñigo Mujikak berak eta Sabino Padillak idatzia dute kreatinari buruzko artikuluren bat edo beste, gutxienez honako bi galdera hauei erantzun nahian: kreatinak kirol-errendimendua areagotzen du? doping-a da?
Lehen galderari dagokionez, aditu biek diote orain arte egin diren ikerketen arabera ezin dela ezer argitu, baina argi dagoela eragitekotan kirola maiz egiten dutenengan eragiten duela eta ez noiz behinka egiten dutenengan. Beraz, amerikarren ikerketek mirarizkotzat jotzen badute ere, kreatinak ez diela kirolariei ezinezkoak diren errekorrak ezartzen edo errendimendu-muga guztiak hausten lagunduko.

Bestalde, doping ez doping auzian, ezezkoaren alde agertzen dira, eta elikaduraren gehigarritzat jotzen dute. "Doping-aren definiziorik zabalenean, errendimendua era artifizialean gehitzeko kopuru handiegitan erabiltzen den substantzia bezala hartzen bada, doping-tzat har daiteke. Baina horrek ez du zentzurik, argudio berarekin doping-zerrendan bitaminen gehigarriak, edari eta elikagai energetikoak, eta baita ura eta espagetiak ere sartu beharko lirateke, substantzia biak kopuru handietan hartzen baitira, eta duda barik kirol-errendimendua hobetzen dute eta, gainera, osasunean kalteak sor ditzakete. Hau da, karbohidrato gehiegi hartzeak digestio-arazo larriak eragin ditzake, eta denbora luzeko kiroletan ur asko edateak heriotza ere eragin dezake" . Beraz, mirarizko abizenik daraman substantziarik ez erabili, bizitza honetan ez baitago miraririk".

7kn argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia