}

Krauseren korpuskuluek koitoan funtsezko funtzioa dutela argitu dute saguetan

2024/06/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

krauseren-korpuskuluek-koitoan-funtsezko-funtzioa
Krausen korpuskuluak klitorian (ezkerrean) eta zakilean (eskuinean). Arg. Lijun Qi, Michael Iskols, eta David Ginty

Krauseren korpuskuluak egitura sentsorial espezializatuak dira, eta 1850. hamarkadatik ezagutzen badira ere, ez zeuden guztiz garbi haien funtzioak. Orain saguekin egindako ikerketa batean ikusi dute funtzio garrantzisuak dituztela koitoan, bai emeetan, bai arretan. 

Nature aldizkarian irekian argitaratu dute egindako lana, eta, azaldu dutenez, jakina zen klitoriak eta zakilak, biak dituztela korpuskuluak; orain, baina, baieztatu dute haien kontzentrazioa 15 aldiz handiagoa dela klitorian, zakilean baino. Horrez gain, tresna genetikoak erabiliz, Krauseren korpuskuluak inerbatzen dituzten neurona somatosentsorialen bi talde bereizi dituzte, eta ikusi dute biak bizkarrezur-muinaren amaiera sentsorial berera doazela.

Bestalde, saguen klitoriak eta zakilak mekanikoki eta elektronikoki estimulatuta, frogatu dute korpuskuluek 40-80 Hz-ko maiztasunei erantzuten dietela (tarte hori da, hain zuzen, sexu-jostailuek erabili ohi dutena). Optogenetikaren bidez Krauseren korpuskuluak berariaz estimulatuta, berriz, ikusi dute zakila zutitu eta bagina uzkurtu egiten dela; eta korpuskuluak genetikoki desaktibatuz gero, sarketa zaildu egiten dela, bai arren ezintasun fisikoarengatik, bai emeen onarpen-ezarengatik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia