Elhuyar zientziaren komunikazioa

Kopernik, Mikolaj

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1473-1543)

Astronomo poloniar hau 1473ko otsailaren 19an Torun herrian jaio zen. Kopernik gaztea zela bere aita hil zelako, bere osaba apezpikuaren ardurapean egin zituen ikasketak. Krakovian matematikak eta marrazketa ikasteari ekin zion, 1496an Italiara Joan zen arte. Han Bolonia eta Paduan 1503. urtera arteko denboraldia igaro zuen, medikuntza, zuzenbide kanonikoa eta astronomia ikasiz.

Italiako giroan unibertsoari buruzko eredu tradizionalak zalantzan jartzen zituzten jakitunek. Hiparko eta Ptolomeo-ren ereduan esaterako, zeruko gorputzak Lurraren inguruan biraka ari ziren lege konplexuen arabera. Baina adierazpen matematikoak izan arren, ereduak ez zuen balio planeten kokalekua aurrez iragartzeko. Alfontso X.a erregearen taulak izan ziren aurreko mendeetan horretarako onenak. Johan Müller Regio montanusek zuzenketak eragin zizkien taulei, baina halo eta guztiz ere neurri batean bakarrik ziren baliagarri.

Koperniken iritziz, planeten kokalekua aurrikusteko taulak hobeto kalkula zitezkeen unibertsoko zentrutzat Lurraren ordez Eguzkia hartuta. Lurra beraz, beste planeta guztiak bezala Eguzkiaren inguruan biraka ari zela kontsideratu beharra zegoen.

Egia esan, ideia hori ez zen berria. Aristarkok adibidez, ideia horixe plazaratua zuen antzinatean eta Cusa-ko Nikolasek ere bai urte batzuk lehenago.

Kopernikek ordea, ideia plazaratzeaz gain sistema matematiko osoa garatu zuen ideia hori oinarri harturik planeten kokapena kalkulatzeko. Horretarako dena den, badirudi Kopernik ez zela zeruari begira denbora luzez egon; behaketa astronomikoen arloa ez baitzuen menperatzen. Esaten dutenez, Merkurio planeta (Eguzkitik gertuen dagoena delako ikustea zailagoa da) ez zuen inoiz ikusi.

Koperniken sistemak planeten higidurako arazo asko argitzen zituen. Sistema berrian, Merkurio eta Artizarraren orbitak Eguzkitik distantzia jakin bat baino gehiago ez ziren urruntzen Lurretik begiratuta, bi planeta horiek Eguzkitik Lurra baino hurbilago zeudelako. Bestetik, Lurrak Martitz, Jupiter eta Saturnok baino orbita txikiagoan biratzen zuenez, aurrea hartzen zien azken horiei, espazioan atzeraka zihoazela ziruditelarik.

Gainera, Hiparkok aurkitutako ekinozioen prezesioa beste era batera esplika zitekeen. Zeruko esfera osoak ez zeukan biratu beharrik Koperniken sisteman. Lurra zen bere ardatzean biratzen zena eta ardatzak berak bere erdigunearen inguruan bi gainazal koniko deskribatzen zituen.

Koperniken iritziz, izarren zeruko esferak Lurretik oso urruti zeuden eta horien posizioak ez zuen Lurraren higiduran eraginik. Horregatik Koperniken sistemak planeten posizioak kalkulatzeko ezezik, oraintxe bertan dutena kalkulatzeko ere balio zuen (Lurrak duena kalkulatzeko ere bai).

Dena dela, arazo batzuk sortzen ziren Kopernikek planeten orbitak zirkulutzat hartzen zituelako eta aipatu arazoak Keplerrek argituko zituen mende-erdi bat geroago orbitak eliptikotzat hartuz.

Kopernikek bere sistema osoa adieraziz liburu bat osatu zuen, baina ez zen argitaratzera ausartu Lurrak higidura zuela esatea beresiatzat hartuko zutelakoan.

1503an Poloniara itzuli zen eta bere osaba apezpiku zelo kalonje izendatu zuen Frauenburg-eko katedralean. Ez zen ordea apaiztu. Bere osabaren mediku izan zen eta administrazioan ere lan egin zuen (osaba hil ondoren, batez ere).

Bitartean, Commentariolus izeneko eskuizkribu batean laburbildu zituen bere ideiak eta Europako jakitunen artean estimazio handia izan zuen. Rheticus matematikariak arren eskatu zion Koperniki bere liburua argitara zezan. Rheticus-ek bere burua eskaini zuen liburua gainbegiratu eta orrazteko.

Rheticusek zoritxarrez, hiria utzi egin behar izan zuen eta liburua errepasa zezan artzain luterano bati utzi zion. Luther ez zen ordea Koperniken ideien alde agertu eta artzain luteranoak hitzaurrea ipini zion liburuari Koperniken doktrinak lehendik zeuden teoriak ez zituela ezer aldatzen adieraziz. Planeten taulak errazago erabiltzeko bakarrik balio zutela zioen.

Hitzaurre horrek liburuari balioa galdarazi egin zion eta Koperniken lama ere urte askoan kolokan egon zen, hitzaurrea berak egina zelakoan (Keplerrek ordea, 1609an hitzaurrea norena zen argitu zuen).

Koperniken liburua 1543an argitaratu zen eta esan ohi denez, hil zen egunean erakutsi zioten lehen alea. Frauenburg-en hil zen (orain Frombork) 1543ko maiatzaren 24an.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia