}

Kongon hedatzen ari den gaitza diagnostikatzeko ahaleginetan ari dira osasun-agintariak

2024/12/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kongon-hedatzen-ari-den-gaitza-diagnostikatzeko-ah
Arg. WHO

Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, maila guztietako osasun-agintariak lanean ari dira elkarrekin, Panzi eskualdean (Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kwango probintzia) hedatzen ari den infekzioaren eragilea identifikatzeko eta gaitzari aurre egiteko. 

2024ko urriaren 24tik abenduaren 5era bitartean, eskualde hartan diagnostikatu gabeko gaixotasun baten 406 kasu erregistratu ziren, sintoma hauekin: sukarra, zefalea, eztula, mukiak sudurrean eta gorputzeko mina. Kasu gehienak 5 urtetik beherako haurretan eta emakumeetan izan dira, eta, larrienak, malnutrizioa zutenetan. Hildakoen kopurua, berriz, igotzen ari da: ehun baino gehiago dira dagoeneko. 

Oraindik ez dute infekzioaren eragilea identifikatu, baina litekeena da heriotzak kausa bat baino gehiagoren ondorioz izatea. Adibidez, malaria gaixotasun arrunta da inguru hartan, eta, OMEren esanean, kasuak eragiten edo laguntzen egon daiteke. Malaria ez ezik, elgorria, gripea, pneumonia akutua, E. coli-ren sindrome hemolitiko-uremikoa, COVID-19a eta beste gaitz batzuk ere izan daitezke eragileak edo egon daitezke tartean.

Heriotzak, batez ere, landa-komunitateetan gertatu dira. Agintariek azaldu dute eskualde horretan elikagaien segurtasunak okerrera egin duela azken hilabeteetan. Gianera, txertaketa-estaldura txikia da, eta osasun-baliabideak oso eskasak dira. Horrenbestez, neurri hauek iragarri ditu OMEk: herrialde, probintzia eta erkidego mailako koordinazioa indartzea; zaintza epidemiologikoa zorroztea, eragilea, transmisioaren dinamika eta agerraldiaren norainokoa hobeto ulertzeko; kasuen kudeaketa bermatzea, gaixoei arreta emateko eta heriotza gehiago prebenitzeko; laguntza logistikoa ematea eta laborategiko ekipoak hornitzea, behar diren probak egiteko, eta eragilea identifikatzeko; arriskua jakinaraztea eta komunitatea sentsibilizatzea, parte hartzearen bidez; infekzioen prebentziorako eta kontrolerako neurriak sendotzea medikuen artean; komunikazio-azpiegitura hobetzea…

Izan ere, OMEk onartu du eremuaren urruntasunak eta baliabideen gabeziak diagnostikoa atzeratu duela, eta erantzuna mugatu duela. Halaber, segurtasun-faltak are gehiago zailtzen du egoera, talde armatuak arrisku zuzena baitira erantzun-taldeentzat eta komunitateentzat. Horregatik guztiagatik, OMEk uste du komunitateentzako arrisku-maila orokorra handia dela, nahiz eta, herrialdeari dagokionez, arriskua ertaintzat jotzen duten. Munduarentzat, berriz, arriskuak txikia izaten jarraitzen du. Hala ere, kaltetutako eremua Angolako mugatik gertu egoteak kezka sortzen duela ohartarazi du OMEk, gaitza herrialde batetik bestera hedatzeko arriskuagatik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia