}

Kolpe latzak eta oroimena galtzea, boxeolari txarraren patua

2001/06/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kolpeak debalde jasotzea gustuko duenik ez da oraindik jaio, baina boxeoa bezalako kiroletan, jokoaren legea da; ringera igo eta ahal bezain puntu gehien lortzeko edo aurrekoa K.O. gelditu arte jo beharra dago. Hainbat kolpe jaso ondoren, galtzaile gaixoak, memento baterako oroimena galtzeaz gain, zahartzaroan Alzheimerren gaixotasuna garatzeko arriskua ere areagotzen du.

Boxeo ez litzateke boxeo, ringean bi boxeolarietako bat K.O. gelditu arte etenik gabe jo eta jo ibiliko ez balira. Era berean, izotz gaineko hockeya ez litzateke hain erakargarri izango, tartean jokalarien arteko borrokatxo bat gertatuko ez balitz. Baina, zer gertatzen da jokalariaren buruan, publikoa pozez edo haserre saltoka hasten den mementoan? Gauza onik ez seguru aski eta, egia esan, ikertzen dihardutenek ez dute lan handiegirik izaten buruan kolpeak hartzea kaltegarria dela konbentzitzeko.

Kirola egitearen arriskuak

Kolpeetatik babesteko, kaskoa eramatea gomendagarria da.

Maryse Lassonde neuropsikologoak, 1999an, boxeolari eta hockey-jokalarien artean egin zuen ikerketaren arabera, buruan kolpe larria jasotzean, garuna garun-kaxa barnean mugitzen da eta hezur-egituraren aurka jotzen du. Noski, organo preziatuak kolpearen lekuan lesioak jasaten ditu, nahiz eta kolpe horiek normalean sintoma gutxi uzten duten. Kasu larrienetan, hala ere, konortea galtzea, ikusmen bidezko oroimena eta ahozkoa galtzea, amnesia, buruko minak, goragalea, bertigoa... eragiten ditu.

Aurten, kolpe horien larritasuna azpimarratzen duten bi ikerketa berriren emaitzak argitaratu dira: bata boxeolariekin egin dute Pensilvaniako Unibertsitatean eta, bestea, Bigarren Mundu Gerrako soldaduekin Duke-ko Unibertsitatean. Biak bat datoz buruan kolpe larriak jasotzeak oroimena egunetik-egunera galtzea dakarren Alzheimerren gaixotasuna garatzea dakarrela esatean.

Lehen ikerketaren arabera, kolpeen ondorioz boxeolarien buruan aldaketa molekularrak gertatzen dira eta, ondorioz, buruan kolpeak jasotzeak zahartzaroan Alzheimerra izateko arriskua handitzen duela uste da. Alzheimerraren ezaugarri klasikoetako bat, tau deituriko proteinez osatutako zuntzezko nahaspila da, eta ikerlariek aurkitu dutenez, antzeko nahaspila sortzen da Dementzia Pugilistikoa edo Boxealarien Sindromea duten pertsonengan. Hala ere, Alzheimerraren kasuan eta boxealarien sindromearen kasuan nahaspila ez omen da era berean sortzen. Baina, parekotasunak ikertuz erro berdinak aurkituko dituztela uste dute ikerlariek.

Publikoa pozez saltoka dagoenean, zer gertatzen da boxeolariaren buruan?

Bigarren ikerketa, Neurology aldizkarian argitaratu da eta Bigarren Mundu Gerran ibili ziren soldaduen osasun-historiak aztertuta egin da. Horrela, familiei elkarrizketak eginda sor daitezkeen duda eta akatsak saihestu dira. Ikerlariek zehaztu dutenez, ezin da frogatu kolpeen eta Alzheimerraren artean kausa-efektu erlazioa dagoenik, baina lotura bat egon badago. Gainera, ikerketa soldadu gazteekin egindakoa denez, lortutako emaitzak kirolari gazteek hartzen dituzten kolpeen ondorioekin parekatzeko modukoak dira.

Ikerketak gaitza garatzeko probabilitatea kolpearen intentsitatearen araberakoa dela zehazten du. Esaterako, garezurraren hausketarik gabe, kolpearen ondorioz konorterik gabe 30 minutuz egonez gero, lesioa ahula dela esan daiteke. Epe hori, 30 minutu eta 24 ordu arte luzatzen bada, berriz, lesioa erdizkakoa da, eta Alzheimerra izateko arriskua bikoiztu egiten da. Konorterik gabe 24 ordu baino gehiago egonez gero, lesioa larria da, eta gaitza garatzeko arriskua 4 aldiz areagotzen da.

Kaskoa buruan... ibili munduan

Boxeoan ezezik, futbolean, hockeyan, txirrindularitzan, errugbian eta beste hainbat kiroletan ere buruan kolpeak hartzeko arriskua handia da.

Boxeoa ez da kolpeak nola saihestu esateko kirol-adibide egokiena, baina errugbia, futbola, hockeya eta kolpeak har daitezkeen beste hainbat kiroletan prebentzioa sustatu nahi da. Izan ere, kolpeek, batez ere ezustekoak direnean, Alzheimerra garatzeko arriskuaz gain, beste hainbat lesio ere eragiten dituzte. Adibidez, ezustean begian kolpea jasotzeak begi-globoan presio altuegia sortu eta erretina-askatzea eragin dezake. Horregatik, garuna, begiak eta aurpegi osoa babesteko kaskoa erabiltzea gomendatzen da. Beti ezinezkoa izango da, baina gutxienez entrenamenduetan kaskoaren erabilera bultzatu nahi da. Bestalde, K.O. gelditu ondoren, epe luze batean ez boxeatzea gomendatzen da.

Aholkua emana dago: kirola osasuntsu gerta dadin, buruan kolpeak hartzeko arriskua dagoen kiroletan kaskoa erabili. Hemen ere, prebentzioa da onena.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia