}

Koipe likidoak solidotzeko sistema

2003/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Inolako aldaketa kimikorik egin gabe, koipe likidoak solidotzeko sistema bat asmatu dute Indiako Zientziaren Institutuan. Landare-olioei 10-31 karbono-atomo dituen edozein gantz-azido ase 1/5 proportzioan nahasiz gero, koipe likidoa gelifikatu eta solidotu egiten dela frogatu dute.

Sistema horrek aplikazio interesgarriak ditu, esaterako, elikagai-industrian, kosmetikan edo erregai likidoen isuriak garbitzeko. Gaur egun, landare-olioak solidotzeko hidrogenazioa erabiltzen da elikagai-industrian eta horrela lortzen dira, adibidez, margarinak eta gaztaren antzeko produktu batzuk. Hidrogenazioa, ordea, garestia da, eta, gantz-azido aseen proportzioa asko handitzen denez, produktu horiek ez dira jatorrizko landare-olioak bezain osasungarriak.

Sistema berriarekin gantz-azidoak asetzea saihesten da. Halaber, petrolioa, gasolioa, diesela, kerosenoa eta beste erregai batzuk solidotzeko ere balio du. Erregaiari gantz-azido horiek nahasita, isuria gelditzeko eta isuritakoa erraz garbitzeko aukera dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia