}

Koipe likidoak, solido

2003/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Indiako ikertzaile batzuek, inolako aldaketa kimikorik egin gabe, koipe likidoak solidotzeko sistema bat asmatu dute. Sistema horrek aplikazio interesgarriak ditu, esaterako, elikagai-industrian, kosmetikan edo erregai likidoen isuriak garbitzeko.

Elikagai-industrian, landare-olioak solidotzeko hidrogenazioa erabiltzen da; hau da, olioa osatzen duten gantz-azidoak ase egiten dira hidrogenoak sartuz. Horrela lortzen dira, adibidez, margarinak eta gaztaren antzeko produktu batzuk. Baina hidrogenazioa garestia da, eta, gantz azido aseen proportzioa asko handitzen denez, produktu horiek ez dira jatorrizko landare-olioak bezain osasungarriak.

Indiako Zientziaren Institutuan, giro-tenperaturan landare-koipeak solido bihurtzea lortu dute aldaketa kimikorik egin gabe. Frogatu dutenez, nahikoa da 10-31 karbono-atomo dituen edozein gantz-azido ase nahastea 1/5 proportzioan, koipe likidoa gelifikatu eta solidotzeko. Gainera, egokienak kosmetikoak egiteko erabiltzen diren argizari-esterrak direla ikusi dute.

Prozesu hori landare-olioekin margarinak eta gaztaren moduko produktuak egiteko aproposa dela uste dute ikertzaileek, baita kosmetikoei eta kremei sendotasun egokia emateko ere. Halaber, petrolioa, gasolioa, diesela, kerosenoa eta beste erregai batzuk solidotzeko ere balio du. Erregaiari gantz-azido horiek nahasita, isuria gelditzeko eta isuritakoa erraz garbitzeko aukera dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia