Elhuyar zientziaren komunikazioa

Klonatutako zelulak parkinsonaren aurka

2003/09/25 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Saiakuntzako saguek neuronak kaltetuta zituzten. Izan ere, parkinsonaren antzeko gaitza zuten. Buztanetik zelula batzuk erauzi, klonatu, haietatik zelula amak eskuratu eta zelula ama horietatik burmuinetako zelula berriak sortu dituzte. Zelula berriak buruan txertatu, eta gaitzak atzera egin duela ikusi dute.

Klonazioaren gaiak eztabaida asko piztu ohi ditu. Hainbat ikertzailek uste dute klonazio terapeutikoak medikuntzaren iraultza ekarriko duela. Gaixoak zelula soil bat eman, eta zelula hori eraldatu eta hazi ondoren ehun berri edota organo bihurtzea da ideia. Garunetako gaitza sendatzeko bidean lagungarri gerta daiteke saiakuntza, baina, hala ere, oraindik hainbat arazo gainditu beharko dira bide berri hau gizakiengan erabiltzeko moduan egon arte.

Zelula kaltetuak ordezkatzea

Nola sortzen da Parkinsonen gaixotasuna? Zenbait gizakitan, burmuinen dopamina ekoizteaz arduratzen diren zelulak gaizki funtzionatzen hasten dira eta ez dute beren funtzioa betetzen. Dopamina nerbio-zelula batetik bestera bulkadak transmititzen dituen substantzia da. Dopamina urritu ahala, gizakiak gorputzean nabari ditu eraginak: giharrek malgutasuna galtzen dute, dardarka hasten da eta higitzeko gaitasuna mugatzen hasten da. Parkinsonaren lehen sintomak dira.

Dopamina-gabeziak eragiten du gaitza, eta, beraz, erremedioa, dopamina sortuko duten zelula berriak txertatzea izan liteke. Baina, asmo onekoak izan arren, ez da erraza organismoan zelula arrotzak sartzea, sistema inmunologikoak zelula arrotz guztiak errefusatzen baititu.

Errefusaren aurka, autodonazioa

Errefusa saihesteko bide aproposena gaixoaren beraren gorputzetik hartutako zelulak erabiltzea litzateke, horrela, DNA bera izanik, organismoak ez baititu arrotz hartuko. Horixe da AEBetako ikertzaile-talde batek saguekin egin duena.

Sagu batzuk hartu eta burmuinetako zelula batzuk kaltetu zizkieten ikertzaileek, parkinsonaren antzeko ondorioak eragiteko. Ondoren, saguari buztanetik zelula bat erauzi zioten ikertzaileek. Zelula hori klonatu eta gaixoaren DNA bera duten zelula amak eskuratu zituzten. Zelula ama horiek laborategian hazi eta kitzikatuz, etapaz etapa aldarazi zituzten, kaltetutako zelulen antzeko bihurtu arte. Hori egindakoan, berriz ere saguaren burmuinetan ezarri zituzten aldaketarik eragiten zuten ikusteko.

Ikertzaileek ikusi zuten saguen sintomak desagertu egin zirela. Gainera, saguak hil eta aztertutakoan ikusi zuten garunetan transplantatutako zelulak osasuntsuki ugaltzen ari zirela.

Lehen aldiz zelula klonatuekin

Lehen ere erabili izan dira zelula amak saguetan parkinsona sendatzeko, baina lehen aldiz lortu da gaitza duen sagu beretik hartutako zelula klonatuak erabiltzea. Bide hau sendotzen baldin bada, hainbat ehun hornitzeko iturri agortezina izan daiteke, eta gaixotasunen ondorioz edo istripuz galdutako organo eta ehunak ordezkatu ahal izango dira.

Enbrioi klonatua erabiltzearen ondorioz, zelulak genetikoki perfektuak dira transplante-hartzailearentzat. Ondorioz, ez dago sistema inmunearen erasoa saihesteko tratamendu gehigarrien beharrik Hala ere, ikertaileek argi utzi dute gizakiekin ikertzen hasteko oso urruti daudela oraindik eta oztopo zientifiko eta politiko ugari gainditu beharko direla bidean. Ikertzaileen ustez, klonazio terapeutikoak nola funtziona dezakeen ikusteko eredu aproposa da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia