Klima-aldaketa osasun-larrialditzat jotzea eskatu dute

The Lancet Countdown txostenak eskatu du klima-aldaketa ofizialki aitortzea, eta osasun-larrialditzak jotzea.

ARG.: Jonas Weckschmied/Unsplash


2026ko The Lancet Countdown txostenak klima-aldaketa eta osasuna lotzen ditu, eta bertan jakinarazi dute klima-aldaketatik eratorritako osasun-arriskuek eta -kalteek gora egin zutela Parisko Akordioa sinatu osteko hamarkadan (2016-2025), haren aurreko hamarkadarekin alderatuta (2006-2015).

«Berotze globala ezin izango da 1,5 °C azpitik mantendu»

Dokumentuak 30 herrialde baino gehiagotako 146 ikertzailek egindako lanak batzen ditu, eta eskatu du osasunak gidatu ditzala klimaren alorreko politikak eta finantzaketaren eremuko lehentasunak. Izan ere, txostenaren arabera, 2023an mundu mailako 710.000 heriotza beroarekin lotuta egon ziren, eta horien % 70 klima-aldaketari egotzi dizkiote.

Bestetik, adierazi dute energia garbietan egindako mundu mailako inbertsioa 2,1 bilioi dolarreko errekorrera iritsi zela 2025ean; erregai fosiletan egindakoa ia halako bi. Alabaina, aztertutako 87 herrialdeek 906.000 milioi dolarreko dirulaguntza bideratu zuten erregai fosiletara; karbonoaren prezioagatik jasotakoa baino hamar aldiz gehiago.

Nazio Batuen Erakundeak ere 2026ko Isurien arrakalari buruzko txostena argitaratu berri du. Bertan adierazi dutenez, berotze globala ezin izango da 1,5 °C azpitik mantendu. Beraz, hurrengo urteetako helburua langa hori ahalik eta gutxien eta ahalik eta denbora laburragoz gainditzea litzateke, eta mende amaierarako 1,5 °C-ko mugara itzultzea.

Horretarako, mundu mailako berotegi-efektuko gasen emisioa % 18 murriztu beharko litzateke 2030 urterako, % 45 2035erako eta % 69 2040rako, 2025eko emisioekin alderatuta.

Horretaz gain, energia berriztagarria sortzeko gaitasuna oraingoa baino hiru aldiz handiagoa izan beharko litzateke; eta ikatzetik sortutako elektrizitatea % 75 murriztu beharko litzateke 2035erako, 2025eko emisioekin alderatuta, eta desagertu egin beharko litzateke 2040rako.

Hala, ondorioztatu dute klimaren alorreko politikek modu eraginkorrean murriztu dezaketela berotegi-efektuko gasen emisioa, baina orain erronka politika horiek zabaltzea dela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali