}

Katajineta arrunta, ehiztari tropikala

1993/08/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biberridoen familia, batez ere Afrikan eta Asiako hegoaldean bizi diren 35 espeziez osaturiko karniboro-talde heterogenoa dugu, eta beren ohitura isil eta gautarrei zein kamuflaje bikaineko iletzari esker, duten bizimodua nahikoa ezezaguna zaigu, laborategietan egindako zenbait behaketa aintzat hartzen ez badugu behintzat.

Europako hego-mendebaldeko (eta beraz Euskal Herriko) biberrido bakarra katajineta arrunta (Genetta genetta) dugu, eta hau, jenero berean biltzen diren gainerako espezieak bezala, felido itxura duen tamaina ertaineko ugaztun liraina da. Soina luzeska du eta hankak laburrak, eta iletza gris argiaren gainean ageri dituen orbain beltz luzeek erabat kolorazio kriptikoa osatzen dute, ilargiaren argitan ikuskaitza delarik. Isats iletsua eta eraztun ilun nabarmenez jantzia, soinaren luzera beretsuko apaingarri deigarria du, eta lagungarria gertatzen zaio, bai kolorazio-eredu kriptikoari doitzen zaiolako (animaliaren soinaren tankera desitxuratuz) eta bai zuhaitz-adarretan gora eta behera dabilela oreka-organo baliagarria duelako ere.

Katajineta arrunta (Genetta genetta), felido itxura duen tamaina ertaineko ugaztun liraina da.

Aurpegia luzea, muturra zorrotza, belarriak handiak, ikusmen binokularra... Zentzu-organo zorrotzez jantzitako animaliaren begirada biziak, bere harrapakari-izaera isladatzen du. Hatzamarretan katuen moduko atzazal erretraktil zorrotzak izateak ere, bere bizimodu ehiztariaren berri ematen digu, baina felidoek ez bezala, katajinetak bosna hatz ditu oin bakoitzean.

Zer egiten dute, ordea, katajinetek, biberridoen familia tropikaleko kide izanik, Europako hego-mendebaldean? Ikerlari batzuen ustetan, arabiarren eskutik sartu ziren animalia hauek. Beste autore batzuek berriz, katajinetaren Europako banaketa populazio naturalari dagokiona dela azpimarratzen dute, iparraldeko aleak hegoaldekoak baino txikiagoak direlarik eta ondorioz, katajineta europarrak antzina gertaturiko kolonizazio naturalaren oinordekoak lirateke. Animaliok irla betiko-riftarrean zehar sartu bide ziren Iberiar penintsulara, Gibraltarko itsasartea zabaldu aurretik.

Katajineta bizimodu arborikola egiten duen harrapakari azkar eta indartsua da, eta ehizakirik lortzekotan lurrera jaitsi behar badu ez da batere lotsatzen. Baina karniboro gehientsuenetan gertatzen den legez, katajineta ere ez da ehiza hutsetik bizi, eta bere dieta nahikoa aldakorra izaten da urtean zehar. Udaberrian eta udan hegazti paseriformeak harrapatzen ditu gehienbat, hauek bere dietaren erdia osatzen dutelarik. Udazkenean eta neguan berriz, ehizakirik soberan ez eta batipat fruituak ustiatzen ditu. Karraskariak ostera, urte osoan jaten ditu ahal izanez gero, eta aldika muskerrez, igelez, saguzarrez, eta bestelako ehizakiez ere baliatzen da.

Katajineta ugaria da Euskal Herrian, nahiz eta bere bizimodu ezkutua dela eta jende gutxik ezagutzen duen.

Katajinetaren lan-eguna ilundu orduko hasi, eta egunsentiarekin batera amaitzen da. Egunez berriz, enbor-zulo, lurzoruko barrunbe edota urtxintxa-habiaren batean egoten da lasai asko, eta ez da bertatik mugitzen, atsedenlekuz aldatzeko ez bada behintzat.

Animalia bakartia da normalean, eta bizitzeko ez du lurralde handiegirik behar izaten. Afrikan esaterako, 1-2 ale bizi dira km2 batean, ale bakoitzaren berezko lurraldea 0’25 km2-koa delarik. Hemen, ordea, dentsitateak baxuagoak dira, eta penintsulan egindako behaketen arabera, 5 km2-ko lurraldea izaten du ale bakoitzak. Nolanahi ere, balio hauek nahikoa erlatiboak dira praktikan. Izan ere emeak askoz ere geldoagoak dira arrak baino, azken hauek askoz ere mugikortasun handiagoa dutelarik.

Lurraldearen jabetza aldarrikatzeko bestalde, usain-marka bereziak erabiltzen dituzte, eta hauek garrantzia sozial handia dute; berauen bitartez animaliaren nortasuna, ahaidetza, sexua eta adina bereiz baititzakete. Usain-marka hauek gernua, gorotzak, eta guruin fetido izeneko organoaren jariakinak izaten dira. Gorotzak, ile eta lumaz osatutako egitura luze eta kiribilkatuak izaten dira, eta beti leku beretsuetan uzten dituzte gorotz-lekuetan, alegia. Gune hauetan sekulako gorotz-mordoa biltzen da denboran zehar, eta nabarmen adierazten du animalia hau dabilela.

Karajinetaren gorotz-lekuetan sekulako gorotz-mordoa biltzen da denboran zehar, eta nabarmen adierazten du animalia han dabilela.

Katajineta ugaria da Euskal Herrian, nahiz eta bere bizimodu ezkutua dela eta jende gutxik ezagutzen duen. Itsas mailatik hasi eta mendi garaietaraino ikusi izan da, Piriniotan 1.700 m-ko altitudean ere ikusi delarik. Bere habitatari dagokionez, basoa maite du, noski, eta hostogalkorretan nahiz koniferotan berdintsu ageri dela esan daiteke. Katajineta ez da, ordea, beti hain arrunta izan, eta beste hainbat animaliari gertatzen zaion legez, honek ere etsai amorratua izan du gizakia, bere larruaren zale izan dela eta. Egun, ordea, katajineta babestua dago eta ezin da ehizatu.

Bestalde, biberrido honek sekulako ugalkortasuna du, eta ondorioz, azkar ugaldu da babestu denez gero. Izan ere, Afrikan katajinetak urte osoan zehar ugal daitezke. Europan berriz, bereziki apirilean eta irail inguruan ugaltzen dira, aldiko (eta 70 eguneko ernaldiaren ondoren) 2-4 kume munduratzen direlarik. Jaioberritan kumeak itsuak izaten dira, eta 13-14 cm-ko luzera besterik ez dute. 8 egun behar izaten dituzte begiak zabaltzeko, baina hori lortu ondoren denbora gutxi barru abiatuko dira zulotik kanpora, mundu berria ezagutzeko irrikaz. Sei hilabetez ditia emanez elikatuko ditu amak, eta urtea bete artean berarekin edota bere inguruan biziko dira, heldutasun sexuala bigarren urtea beteta lortuko dutelarik.

Fitxa teknikoa KATAJINETA

Espeziea: Genetta genetta
Familia: Biberridoak
Ordena: Karniboroak
Klasea: Ugaztunak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia