}

Karbono dioxidoa, hobe lurperatzea aireratzea baino

2002/09/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Erregai moduan erabiltzeko gasa erauzten denean sortzen den hondakinetako bat karbono dioxidoa da. Normalean, karbono dioxido hori atmosferara igortzen da besterik gabe, eta horrek, noski, Lurraren berotegi-efektua areagotzen du. Britainia Handiko geologoek jakinarazi dutenez, ordea, badirudi irtenbide egokia aurkitu dutela.

Ipar Itsasoko gasa ustiatzen duen Sleiper Field plataforman, esperimentu bat egiten ari dira 1996. urtetik. Han, itsaso azpitik metanoa ateratzen dute, eta bereizitakoan lortzen den karbono dioxidoa lurperatu egiten dute. Ikertzen hainbeste urtean jardun eta gero, ikertzaileek frogatu dute karbono dioxidoa lurpean harrapatuta gelditzen dela. Hain juxtu, itsas hondoaren azpian kilometro bateko sakoneran, karbono dioxidoa burbuila erraldoi bat balitz bezala gelditzen da, arroka sedimentarioen geruza baten pean.

Lehendik ere, proposatu izan dira antzeko irtenbideak erregai fosilek sortzen duten karbono dioxidoaren arazoa konpontzeko. Orain emaitza onak ematen dituela frogatu dute Ipar Itsasoan, eta gasa eta petrolioa erauzten dituzten konpainientzat baliagarria izateaz gain, elektrizitatea ekoizten dutenentzat ere balio dezakeela uste dute. Izan ere, Sleiper Field-eko geologo britainiarren esanean, nahikoa da sortutako karbono dioxidoa bildu eta toki egokian lurperatzea.

Esperimentua Norvegiako enpresa baten gidaritzapean egin dute. Ohiko teknologia erabilita, metanoak duen karbono dioxidoa (% 9) bereizi eta ura baino pixka bat arinagoa den fluido moduan bidaltzen dute itsas hondoaren azpira. Guztira, 5 milioi tona karbono dioxido lurperatu dute toki horretan.

Lurrikara gertatuz gero segurua dela frogatzeko, eredu informatikoak erabili dituzte, eta, diotenez, ez dago karbono dioxidoa kanporatzeko arriskurik. Gainera, karbono dioxidoa biltzeko leku apropos ugari omen daude Ipar Itsasoan; haien ustez, petrolioa eta gasa zuten tokiak berak egokiak izan litezke, gasak alde egiten ez duela begiratu eta gero.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia